Mendi lasterketak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

2027ko Zegama-Aizkorri ekainaren 6an izango da; aurretiko izen-ematea, urtarrilaren 11n

225 dortsal esleituko dira otsailaren 12an egingo den zozketaren bidez.

ZEGAMA AIZKORRI 2026 IRABAZLEAK

2026ko irabazleak: Tove Alexandersson eta Elhousine Elazzaoui. Irudia: EITB.

Zegama-Aizkorri mendi-maratoiaren 26. edizioa, Golden Trail World Series lasterketarako puntuagarria, 2027ko ekainaren 6an izango dela iragarri dute antolatzaileek ostiral honetan. 225 dortsal esleituko dituzte zozketa bidez, eta otsailaren 12an egingo dute.

Noiz hasiko da aurretiko izen-ematea?

Maratoian izena emateko epea urtarrilaren 11n hasiko da, 12:00etan, Kronoak.com atarian, eta urtarrilaren 22ra arte egongo da martxan. Hamaika egun horietan jasoko dituzte zozketarako eskabideak, eta denboraren arabera esleitutako dortsalak, tokiko egoiliarrentzat gordetakoak eta aurreko edizio guztiak bete dituztenentzat gordetakoak ere kudeatuko dituzte.

Bestalde, Kilometro Bertikala eta Junior Trail jokatzeko aurrez izena emateko fasea, 16 eta 18 urte arteko korrikalarientzat, urtarrilaren 25ean hasi eta otsailaren 5ean bukatuko da, eta zozketa ofiziala otsailaren 12an egingo dute.

Nolakoa izango da egitarau osoa?

Lehiaketaren egitarau ofiziala ekainean garatuko da. Kilometro Bertikala ekainaren 4an jokatuko dute, eta maratoi nagusia eta Junior Trail modalitatea, hilaren 6an.

Horrela, ekainaren 6an jakingo da nork ordezkatuko dituen podiumeko maila gorenean 2026ko garaileak: Tove Alexandersson suediarra (4 ordu, 8 minutu eta 9 segundo) eta Elhousine Elazzaoui marokoarra (3 ordu, 45 minutu eta 7 segundo).

Publizitatea
X
Publizitatea
X