Zverevek ez du hutsik egin, eta Cobolliren aurka jokatuko du Roland Garroseko finala
Matteo Arnaldi italiarrak ezin izan du bigarren finalaurrekoa lehiatu, birus batek jota, eta, ondorioz, Flavio Cobolli izango da Alexander Zvereven aurkaria Parisko final handian.
Alexander Zverevek Roland Garroseko final handia lehiatuko du bigarrenez, gaur jokatu duen finalaurrekoan Jakub Mensik nagusitasunez garaituta (7-5, 6-2, 3-6 eta 6-3).
20 urteko txekiarrak lehen aldiz gainditu ditu final-zortzirenak Grand Slameko txapelketa batean, eta Roland Garroseko edizio honetan tenislari handi asko eraman ditu aurretik, baina Zverevek ez dio inolako aukerarik eman enegarren balentria egin eta finalean sartzeko.
Alemanak neurketa serioa egin du, eta eskura du lehen aldiz Grand Slameko txapelketa bat bereganatzea.
Igandeko final handian Flavio Cobolli izango da Zvereven aurkaria. Bigarren finalaurrekoan ezustekoa izan da; izan ere, Matteo Arnaldi partida hasi baino lehen erretiratu egin behar izan da, birus batek erasanda, eta, halabeharrez, Cobolli neurketa jokatu gabe sailkatu da finalerako.