Miren Lazkanok brontzea lortu du Oklahomako Kayak Kroseko Munduko Txapelketan
Donostiako palistak borroka zirraragarria izan du Ricarda Funk alemaniarrarekin, baina epaileek deskalifikatu egin dute Funk. Lazkanok hirugarren postuan amaitu du, urrea irabazi duen Alena Marx suitzarraren eta zilarra eskuratu duen Noemie Fox australiarraren atzetik.
Miren Lazkano, Oklahomako Munduko Txapelketan. Argazkia: Basque Team.
Miren Lazkanok brontzezko domina lortu du Oklahoman jokatzen ari diren Piraguismoko Munduko Txapelketan, Kayak Cross modalitatean. Final zirraragarri batean, Alena Marx suitzarra (urrea) eta Noemie Fox australiarra (zilarra) helmugaratu dira donostiarraren aurretik.
Euskal palistak estrategia kontserbadorea aukeratu du, aurkarien erabakien zain egon da, eta sortzen ziren tarteak ikusita aukeratu du bere ibilbidea.
Horrela, borroka oso parekatua izan du Ricarda Funk alemaniarrarekin, baina Lazkanok abantaila hartu, eta aurretik bukatu du. Azkenean, epaileek deskalifikatu egin dute Funk, ate pare batean donostiarrari kolpe bortitzak emateagatik.