Lehen zati eskas batek Reala zigortu du Bournemouthen aurrean, Europako estreinakoan (1-2)
Kluivertek eta Rayanek aurretik jarri dituzte ingelesak Bournemouth jaun eta jabe izan den lehen zatian. Hala ere, aldageletatik bueltan Matarazzoren jokalariek zelaia makurtu dute, eta berdintzeko zorian egon dira Sergio Gomezen bitartez aldea murriztu ostean.
Barrenetxea, Bournemoutheko atzelari bat atzean uzteko saiakeran. Argazkia: EFE
Realak 1-2 galdu du Bournemouth talde ingelesaren aurka Europa Ligaren estreinakoan. Lehen zati kaskarrak zigortu ditu txuri-urdinak, aurkaria baino askoz gutxiago izan baitira. Atsedenaldiaren ostean, Matarazzoren mutilak suspertu egin dira, eta dena jarri dute neurketa iraultzeko, baina ez dute asmatu berdinketaren bigarren gola egiteko garaian.
Partida hasierak erritmo bizia izan du, baina aukera argirik gabe. Hala ere, partida jokaldi bakar batean aldatu da. 10. minutuan Bournemouthek gola aurkitu du Kluiverten bitartez. Epaileek gola baliogabetu dute hasiera batean jokoz kanpoagatik, baina VARak aztertu ondoren, azkenean, markagailura igo da.
Handik gutxira, erantzuteko apenas denborarik gabe, txuri-urdinentzat bigarren kolpea iritsi da Rayanen golarekin. Brasildarrak Scotten pase bikaina aprobetxatu du, Sergio Gomezen bizkarrean, buruz bigarrena egiteko.
Gainera, okerragoa izan zatekeen donostiarrentzat, 24. minutuan Evanilsonek baloia Marreroren ezker zutoinera bidali baitu, burukada zehatz batekin. Marco Roseren taldea hirugarrena egiteko zorian egon da.
Barrenetxeak txartel horia ikusi du, etsipenak eragindako falta baten ondoren. Scottek, Tavernierrek eta enparauek arriskua sortzen jarraitu dute, eta horrela joan da norgehiagoka atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan Reala sendoago itzuli da eta Guedes eta Gorrotxategi berdeguneratzeak beste itxura bat eman dio Matarazzoren taldeari. Gainera, talde gipuzkoarrak Scott, Ingalaterrako taldearen iparrorratza, neutralizatzea lortu du.
Horrela, 56. minutuan, Turrientesen jaurtiketa batek Petrovic ataka larrian jarri du, eta minutu bat beranduago Sergio Gomezek aldeak murriztu ditu erdiraketa baten bidez. Cherryen defentsak ez du baloia desbideratzen asmatu, eta sare barruan amaitu du.
Gola sartuta, Realak tinko jarraitu du, eta Guedesek arriskua sortu du berriro jaurtiketa batekin, Petrovicek kornerrera bidali behar izan duena. 72. minutuan berdinketa bere oinetan izan du Oyarzabalek. Aurrelari eibartarra baselina bat egiten saiatu da atezaina atetik kanpo zegoenean, baina gutxigatik joan zaio langaren gainetik.
Matarazzok Sucic, Kubo eta Zakharyan zelairatu ditu partida berdintzen saiatzeko, baina Petrovicek eragotzi du, azken minutuetan bi geldiketa bikain eginda. 84. Minutuan, Orri Oskarssonek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du Zakharyanen pase bikain baten ostean, baina bere jaurtiketa gurutzatua Bournemoutheko atezainak desbideratu du. 90.ean, protagonista berdinekin, ingelesen atezainak ahoko zuloan egindako errematea atera dio aurrelari islandiarrari.