Realak berriro irabazi du etxean, eta Kopara begira jarri da (1-0)
Realak, distira handirik gabe baina merezimenduz, irabazi egin dio Valladolidi Reale Arenan, Adnan Januzajek sartutako gol bati esker (1-0). Modu horretan, txuri-urdinak Txapeldunen Ligako postuetan kokatu dira, eta baikortasunez begiratzen diote Mirandesen aurka asteazkenean jokatu behar duten Errege Kopako finalerdiari.
Izan ere, donostiarrak begi bat Kopako kanporaketan eta beste bat sailkapenean jarrita zutela iritsi dira gaurko neurketara. Gainera, garaipenen marka berria ezarri nahi zuten etxean Lehen Mailan, sei lehia jarraian irabazita baitzetozen (Liga eta Kopa artean), eta euren xedea lortu dute.
Valladolid, bere aldetik, aurreko jardunaldian lortutako garaipenarekin hazita eta etxetik kanpo aipatzeko moduko zenbakiekin (14 puntu) zelairatu da, eta bera izan da nagusi lehen zatiko une askotan. Aukera polit bat ere izan du Enes Unal turkiarraren oinetan, baina Le Normand zuhur ibili aurrelariaren jaurtiketa oztopatzeko, eta baloia Remiroren zutoinaren ondotik atera da desbideratuta.
Realak, aldiz, apenas izan du aukera argirik lehen zatia amaitu denerako, nahiz eta arriskutsuak izan zitezkeen hurbilketak izan dituen aurkariaren area inguruan.
Pucelarrek bisitari deserosoak direla erakusten jarraitu dute bigarren zatian ere. Unalek, adibidez, jokalari arriskutsua dela agerian utzi du, nahiz eta gola falta izan. Reala ere ez da atzean geratu, eta golaren bila joan da. Alex Isakek gertu izan du, orpoz egindako ahaleginean, gaztelarren presiotik ihes egitea lortu duen une bakanetako batean.
Donostiarrek ez dute etsi, eta, hala, Valladolideko defentsaren deskuidu batean, jokaldi bikaina antolatu dute alboko sake batetik: Odegaarden, Zalduaren eta Oyarzabalen artean primeran mugitu dute baloia, eta eibartarrak lehen zutoinera egindako erdiraketa ezin hobeto baliatu du Januzajek buruz, Masip atezainaren ahalegina gainditzeko.
Gerora, Oyarzabal eta Isak aulkira joan dira, asteazkenerako atseden hartzeko asmoz, eta Imanolek Barrenetxea eta Willian Jose zelairatu ditu. Valladolid, berriz, bere jokoan sakontasuna bilatu nahian zebilen Pedro Porro eta Planorekin. Alabaina, abagunea eduki duena Raul Garcia izan da, baina Remirorekin egin du topo.
Azken minutuan, Sandro berdinketa lortu eta bere talde ohiari nahigabea eragiteko zorian izan da, baina atezain txuri-urdina arriskua aldentzeko gertu agertu da beste behin ere.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Odegaard (Sangalli, 90. min), Merino; Januzaj, Oyarzabal (Barrenetxea, 68. min) eta Alex Isak (Willian Jose, 62. min).
0 -Real Valladolid: Masip, Javi Moyano, Olivas, Salisu, Raul Garcia; Joaquin (Plano, 62. min), San Emeterio (Pedro Porro, min. 74), Alcaraz; Sandro, Enes Unal eta Guardiola.
Gola: 1-0, 59. min: Januzaj.
Epailea: Pizarro Gomez (Madril). Txartel horiak: Aritz (Reala) eta Guardiola (Valladolid).
Zure interesekoa izan daiteke
Hector Fortek 2031ra arte sinatu du Realarekin
Bartzelonak beretzat gorde ditu berrerosteko aukera eta, etorkizunean jokalaria salduz gero, irabazien ehuneko bat jasotzeko eskubidea.
Gorrotxategi: “Ligan partida bat lasai irabaztea gutxitan gertatzen da"
Realeko jokalaria pozik azaldu da Espanyolen aurka lortutako garaipenagatik (2-1), EA Sports Ligako 3. jardunaldiko partidan. Garaipenak txapelketako lehen puntuak eman dizkio Realari.
Realaren egutegia, Europa Ligan
Talde txuri-urdinak AFC Bournemouthen aurka egingo du debuta Anoetan, irailaren 17an, 21:00etan; liga fasea ixteko azken partida, berriz, Juventusen aurka jokatuko du etxetik kanpo, urtarrilaren 28an, 21:00etan.
Realak garaipena lortu du Espanyolen aurka (2-1)
Barrenetxea eta Oskarssonen golek denboraldiko lehen garaipena eman diete txuri-urdinei une oro kontrolpean izan duten partidan.
Logroñok Realaren zalantzak zigortu ditu Zubietan (0-2)
Aste zaila da Realarentzat. Askeazkenean 5-2 galdu zuen Londresen Chesearen aurka, ostegunean Arturo Ruiz entrenatzaileak bere kargua utzi zuen eta gaur goizean 0-2 galdu du Logroño United taldearen aurka F Ligako debutean, Zubietan. Errioxarren golegileak Mawete eta Cris izan dira, bigarren zatian.
Jon Karrikaburu Burgosko jokalaria izango da
Realak eta Burgosek akordioa lortu dute Elizondoko aurrelaria eskualdatzeko. Karrikaburuk Donostiako klubean egindako ibilbidea bukatu du oraingoz, eta Sergio Francisco izango du berriro entrenatzaile.
Matarazzo, Europa Ligako zozketari buruz: “Oso pozik nago zozketaren emaitzarekin"
Realeko entrenatzailea Realari egokitutako aurkariez aritu da. Donostiarrek Juventus, Olympique Lyon, Crystal Palace, Bournemouth, Viktoria Plzen, Torreense, Union SG eta Lillestrom taldeekin neurtuko dituzte indarrak.
Juventus, Lyon, Bournemouth eta Crystal Palace, Realaren aurkari sendoenak Europan
Talde donostiarrak Lyon, Juventus, Viktoria Pilsen, Union Saint-Gilloise, Bournemouth, Crystal Palace, Torreense eta Lillestrom izango ditu aurkari 2026-2027 denboraldiko Europa Ligan.
Mamadou Sarr, Realeko jokalari berria
Talde txuri-urdinak eta Chelseak senegaldar atzelariaren lagapena adostu dute 2026-27 denboraldiaren amaierara arte. Ostegunean osasun-azterketa egin zioten, eta ostiral honetan bat egingo du taldekide berriekin Zubietan.
Arturo Ruizek Realeko entrenatzaile kargua utzi du
Emakumezkoen taldeko teknikariak bere kontratuan aurreikusitako kalte-ordaina ordainduko du bere irteera gauzatzeko.