Eibarrek zazpigarren garaipena jarraian lortu du, Albacete mendean hartuta (1-3)
Armaginek ez dute aurrekoetan emandako itxura ona erakutsi, baina zortea alde izan dute. Rober, Mada, Lluis Lopez (bere atean) eta Pejiño izan dira partidako golegileak.
Armaginek geldiezin jarraitzen dute. Argazkia: LaLiga Hypermotion.
Eibarrek bolada onari eutsi dio Albacete 1-3 garaituta. Etxeko taldea Gipuzkoakoa baino hobeto aritu da, baina ez du erasoan nahi beste min egin. Gaurkoan bildutako hiru puntuei esker, armaginak lider dira sailkapenean, Castellok bere partidan egiten duenaren zain.
Partida hasi eta berehala, Albacetek aurrea hartu du markagailuan, Roberrek egindako golari esker.
Handik gutxira, Magunagoitiak Albacetek bigarrena egitea saihestu du. Lehen zati osoan, Mantxako taldea Eibar baino gehiago izan da, nabarmen.
Bigarren zatian, Madak aldaratze bat baliatu du Carlos Marin atezaina gainditu eta partida berdintzeko (47. min).
Berdinketak jota utzi du Albacete, eta armaginek ederki aprobetxatu dute. 65. minutuan, Alvaro Rodriguezen erdiraketa batek Lluis Lopezen gorputzean jo, norabidea aldatu eta ezustean harrapatu du Marin atezaina, armaginak markagailuan aurretik jartzeko (1-2).
Neurketako azken jokaldian, Martonek baloia Pejiñori utzi dio, eta Las Palmas taldeko jokalari ohiak 1-3koa egin du.