Eibarrek Eldense garaitu du, bigarren jarraitzen du eta bost garaipen jarraian daramatza (1-2)
Jokin Aranbarriren taldeak Nuevo Pepico Amat Eldako futbol zelaian irabazi du, Jon Magunazelaiak 28. minutuan eta Ivan Gilek 63.ean sartutako golei esker. Justin Smithek 75.ean egin du Eldenseren gola. Eibarrek bikain segitzen du, eta Castello liderrak bakarrik batu ditu orain arte berak baino puntu gehiago.
Jon Magunazelaiak sartu du 0-1ekoa, Eldan. Argazkia: Europa Press.
Eibarrek Eldense menderatu du, 1-2, Nuevo Pepico Amat futbol zelaian, 2026-2027 denboraldiko Hypermotion Ligako 6. jardunaldian, larunbatean. Jon Magunazelaiak 28. minutuan eta Ivan Gilek 63.ean sartu dituzte euskal taldearen golak, eta Justin Smithek 75.ean egin du Eldenserena. Horrenbestez, sailkapenean, Eibarrek 15 puntu ditu, eta bigarren jarraitzen du, Castello liderraren atzetik, puntu bakarrera. Euskal taldeak bost garaipen jarraian daramatza, eta bikain segitzen du, bai jokoari bai emaitzei erreparatuta.
Eldenseren aurka jokatutako norgehiagokan, Eibar ondo aritu da berriro. Leo Messik Eldense erosi berri du, eta Javi Calleja Alaveseko entrenatzaile ohiak aurreneko aldiz zuzendu du Eldako taldea. Gipuzkoako taldearen kontrolak 0-1ekoa ekarri du; Jon Magunazelaiak sartu du, lehen ordu erdia bete baino pixka bat lehenago. Neurketa horrela iritsi da atsedenaldira, Eibar aurretik zela.
Ivan Gilek handitu egin du Eibarren abantaila, bigarren zatiko 18. minutuan, gol ederra sartuta. Eldensek 12 minutura egin du 1-2koa, baina Eibarrek emaitzari eutsi dio, eta beste garaipen bat eskuratu du. Aranbarriren taldearen hurrengo aurkaria Las Palmas izango da; Ipuruan jokatuko dute, hilaren 27an, igandez, 18:30ean.