Eibar esku-hutsik itzuli da Levanteren etxetik (2-1)
Eibarrek ez du baliatu Europarako txartela ematen duten tokietara hurbiltzeko parada, 2-1 galdu baitu Levanteren aurka Ciutat Valentzia zelaian. Etxekoek, berriz, jaitsierako postuetatik aldentzea lortu dute.
Talde armaginak ondo ekin dio lehiari, hasieratik nagusitu baitzaio une horietan jokaldirik josteko gaitasun gutxi azaldu duen Levanteri. Kike Garcia nagusitasun hori gol bihurtzeko zorian egon da bigarren minutua bete orduko, baina gora joan zaio bere errematea.
Mendilibarren taldeak oso azkar berreskuratzen zuen baloia, goian egindako presio handiaren bidez, eta Oierren ate inguruan ibili da behin eta berriro.
Partidaren 21. minutuan, berriz, taldean egindako lehen jokaldia osatu du Levantek. Gola sartzekotan egon da, baina Pazzinik alperrik galdu du aukera garbia, bere errematea atearen erdira joan baita, Dimitrovic zegoen tokira, hain zuzen ere.
Nahiz eta abagune horretan asmatu ez, Levantek gora jo du eta bere joko asko hobetu da. Horren adierazle da lau minutu geroago (25. min) markagailura lehen gola igoarazi dutela. Moralesek eskuin hegaletik egindako erdiraketari bukaera ezin hobea eman dio Rogerrek oso era behartuan.
Gol horrek asko ireki du norgehiagoka, eta area batetik besterako joan-etorriak etengabekoak izan dira. Tarte horretan, armaginek izan dute aukerarik nabarmenena, atsedenaldira iristeko hamar minuturen faltan. Baina Jordan ez da fin ibili Cabacoren hutsa aprobetxatzeko garaian, eta ezin izan du Oierren irteera gainditu.
Atsedenalditik bueltan, Mendilibarren mutilak bere jokoa ezartzen saiatu dira, eta Jordanek aukera aparta izan du berriz ere, baina bere ahalegina langaren aurka egin du tupust.
Berdinketa eta Levanteren gola, aitaren batean
Bigarren zatiaren erdialdera Eibarrek are estuago hartu du Levante, eta korner batean berdinketa sartu du Charlesek. Haatik, talde armaginak ia ezin izan du gola ospatu, handik minutu batera Levantek bere bigarrena lortu duelako Boatengen bidez. Levanteko aurrelaria azti ibili da Arbillak Dimitrovici lagatako baloi txar bat aprobetxatzeko.
Eibarri aurrera jotzea beste aukerarik ez zaio geratu, arrisku gehiago hartuta. Horren aurrean, Levantek kontraerasoak egiten saiatu da partida erabat erabakita uzteko xedearekin.
Aitzitik, ez da gol gehiago izan, eta etxeko zaleek irailetik ikusten ez zuten garaipenaz gozatu ahal izan dute.
Fitxa teknikoa:
Levante 2: Oier, Coke, Cabaco, Rober Pier, Luna (Pedro Lopez, 54. min); Lerma, Campaña (Lukic, 45. min), Morales, Ivi; Pazzini (Boateng, 60. min) eta Roger.
Eibar 1: Dmitrovic, Cote (Junca, 72. min), Arbilla, Ramis, Capa: Jordan, Dani Garcia, Escalante (Charles, 59. min); Pedro León, Ivan Alejo (Inui, 59. min) eta Kike Garcia.
Golak: 1-0, 25. min: Roger. 1-1, 63. min: Charles. 2-1, 64. . min: Boateng.
Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Cabaco, Lukic, Lerma eta Roger (Levante); Dani Garcia, Arbilla eta Charles (Eibar).
Zure interesekoa izan daiteke
Alvaro Rodriguezek denboraldiko lehen garaipena eman dio Eibarri (1-0)
Armaginek Real Valladolid menderatu dute Ipuruan. Bisitariak hobeto aritu dira lehen zatian, baina Jokin Aranbarriren mutilek aurrerapausoa eman dute bigarrenean, eta azkenean nagusitu egin dira.
Eibarrek 1-3 galdu du Tenerife igo berriaren aurka
Armaginek Liga hasiera kaskarra izan dute Ipuruan, eta, Bautistaren golak markagailua berdindu duen arren, Kanarietako taldea nagusi izan da eta partida irabazi du.
Eric Perez, Eibarren lehen taldeko jokalaria
Aurrelaria 2001ean jaio zen Ermuan, eta kadete mailn iritsi zen talde armaginera. Eibarren bigarren taldearekin Bigarren RFEF mailara igo zen. Ondoren, harrobiko aurrelariak eskarmentua hartu du Alcorcon, Amorebieta eta Barakaldon utzita jokatuz.
Anaitz Arbilla: “Hasiera on bat izatea nik uste dut positiboa dela”
Eibar Teneriferen aurkako debuta prestatzen ari da. Talde armaginak igandean, 17:00etan, jokatuko du lehen partida. Anaitz Arbilla taldeko kapitainak hamaikagarren denboraldia hasiko du Eibarrekin. Ondo hastea garrantzitsua dela uste du.
Maria Carvajal, Eibarreko erdilari berria, Juventusek utzita
Corteganan (Huelva) jaio zen 2008an, eta 15 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan, Sporting Huelvarekin. Urtebeteko kontratua izango du talde armaginean.
Eibarrek Unai Elgezabal aurkeztu du: “Badakit hemengo jokalarien maila oso ona dela”
Erdiko atzelaria talde armaginera bueltatu da; azken bi denboraldiak Levanten eman ditu. Ipuruan izan da aurkezpena, ostegunean.
Eibarrek Unai Elgezabal fitxatu du, 2026-2027 denboraldirako
Erdiko atzelari bizkaitarra Levante taldetik iritsi da Eibarrera. Elgezabalek, 33 urtekoa bera, esperientzia du talde armaginean; izan ere, duela hamar urte ere aritu zen bertan. Gainera, Angel Tronchok ez du jarraituko Jokin Aranbarriren taldean.
Emma Moreno Eibarrera itzuli da, Atletico Madrilek utzita
Madrildarra joan den udan iritsi zen lehen aldiz talde armaginera, 19 urtez azpiko Europako txapeldun izan ondoren. Guztira, 29 partidatan parte hartu zuen iragan denboraldian, eta 1.500 minututik gora jokatu zituen.
Eibarrek iragarri du Javi Martinezek ez duela klubean jarraituko
Soriako jokalaria 2025eko neguko merkatuan iritsi zen Ipuruara, Osasunatik, eta Eibarren ibili den urte eta erdian 14 partida jokatu ditu, eta gol bat sartu. Eldensen ariko da aurrerantzean.
Marianna Seidl estatubatuarra, Eibarren hamargarren aurpegi berria
Ezker hegalekoa Brisbane Roar taldetik heldu da, Australiatik.