Athletici asko zaildu zaio Europa Sevillarekin galdu eta gero (1-2)
Athleticek galdu egin du ostegun honetan Sevillaren aurka San Mamesen (1-2), eta, hartara, emaitza horrek asko zaildu ditu datorren denboraldian Europa Liga jokatzeko zuri-gorrien ilusioak.
Etxekoak aurretik joan dira markagailuan atsedenaldira Capari esker, baina Ever Banegaren eta Munir El Haddadiren golek punturik gabe utzi dute Garitanoren taldea. Norgehiagokaren azken minutuetan, polemikarako tartea ere egon da; izan ere, epaileak eta VARak adierazi gabe utzi dute Munirrek Iñigo Martinezi Andaluziakoen area barruan egindako falta garbia zirudiena.
Sevillak askoz hobeto ekin dio partidari, eta lehen ordu laurdenean Julen Lopeteguiren taldeak erabateko nagusitasuna erakutsi du (% 80tik gorako baloi jabetza izan du tarte horretan). Banega eta Suso nahieran zebiltzan, eta gola besterik ez zaie falta izan andaluziarrei minutu horietan. Athletic, berriz, estu zebilen, eta, horrez gain, Yuri Berchichek zelaia utzi behar izan du giharretako lesio batekin (25. minutua).
Alabaina, Sevillak ez ditu gauzatu izandako abaguneak, eta Athleticek aprobetxatu egin du berea. Lehendabizi, Vesgak maleziarik gabeko bi jaurtiketa egin ditu, nahiz eta bigarrenak zutoinaren ondotik alde egin duen. Gerora, aldiz, erdilari arabarrak bigarren zutoinera erdiratu du baloi bat, eta Capari iritsi zaio, Sevillakoen defentsan jo ostean. Portugaletekoak ez du barkatu atezainaren aurrean, jaurtiketa bortitz batekin (29. minutua).
Sevilla erreakzionatzen saiatu da, baina Jordanen eta Ocamposen urruneko ahaleginek, azken hori bere zelaitik egindakoa Unai Simon ezustean harrapatu nahian, ez dute saririk jaso (41. minutua).
Bilbotarrak egon dira bigarrena egitetik gertuago, Koundek area txikian egindako aldaratze txar baten ondoren baloia Muniaini heldu zaionean, baina zuri-gorrien kapitainak oso gaizki jaurti du ezkerrarekin, eta neurketa atsedenaldira joan da (47. minutua).
Bigarren zatiko hastapenean, 53. minutuan, Athleticek bigarren gola sartzeko aukera garbia izan du berriro ere. Oraingoan, Cordobak jaso du baloia korner baten ostean, eta buelta erdian egin duen erremate zaila ate erdira atera zaio, Bono zegoen tokira, eta hark, zailtasunekin izan bada ere, gelditu egin du.
Handik gutxira, Sevillaren txanda heldu da. Susok jaurtiketa indartsua egin du area ertzetik, eta Simonek gelditu egin du. Hala ere, baloiaren alderatzea Reguilonek izan du errematatzeko moduan, baina irrist egin du (57. minutua).
Andaluziarrek berdinketaren bila jarraitu dute gogotsu, eta Ocamposek oso gertu izan du Jordanen barneraldi batean, baina Simonek gelditu aparta egin dio argentinarrak area barrutik egin duen saiakerari (62. minutua).
Nagusi ziren Julen Lopeteguiren mutilak zelai gainean, eta berehala etorri zaie bila zebiltzana. Dani Garciari zelairatu berria zen Munirri egindako falta adierazi diote areatik oso gertu, eta Banegak maisutasunez jotako baloia sare barrura joan da (70. minutua). Gol horrek kalte handia egin die zuri-gorriei, eta sevillarrek bikain baliatu dute egoera bigarrena egiteko handik hiru minutura. Orduko horretan, alderantziz aritu dira protagonistak: Banegak baloia area barrura erdiratu du, eta Munirrek lortu du gola buruz.
Horren aurrean, Garitanok hiru aldaketa egin ditu aldi berean: Villalibre, Kodro eta Ibai zelairatu ditu Capa, Williams eta Cordoba ordez.
Hortik aurrera etxekoena izan da jokoaren ekimena, eta Muniainek area kanpotik egin duen ahaleginari erantzun ezin hobea eman behar izan dio Bonok berdinketa ekiditeko (85. minutua).
Eztabaidarako jokaldia etorri da jarraian. Ibaik kornerra atera du, eta Munirrek Iñigo Martinezi gerritik heldu dio area barruan, Ondarroako errematatzera zihoanean. Itxura batean penalti argia izan zitekeena zigortu gabe geratu da epailearen zein VARaren partetik. Hortxe bukatu zaizkio Athletici norgehiagoka berdintzeko aukerak, baita datorren urtean Europan aritzeko asko ere.
Fitxa teknikoa
1 - Athletic: Unai Simón, Capa (Kodro, 78. min), Unai Núñez, Iñigo Martínez, Yuri (Balenziaga, 25. min), Dani García, Vesga, Muniain, Sancet (De Marcos, 46. min), Córdoba (Ibai, 78. min) eta Williams (Villalibre, 78. min).
2 - Sevilla: Bono, Jesús Navas, Koundé, Diego Carlos, Reguilón, Jordán (Munir, 64. min), Gudelj, Banega, Suso (Fernando, 79. min), En-Nesyri (De Jong, 64. min) eta Ocampos (Franco Vázquez, 88. min).
Golak: 1-0, 28. min: Capa. 1-1, 69. min: Banega. 1-2, 73. min: Munir.
Epailea: David Medié Jiménez. Txartel gorria atera dio Juan Iribarren Athleticeko prestatzaile fisiakoari. TXartel horiak: Unai Núñez, De Marcos eta Dani García (Athletic); Banega eta Ocampos (Sevila).
Zure interesekoa izan daiteke
Johaneko, Athleticeko jokalaria: “Oso harro nago. Lanean jarraitu behar da minutuak izateko”
Louis-Jean Johanekok debuta egin du denboraldi honetan lehen taldearekin, eta bere sentipenak partekatu ditu prentsaurrekoan.
Athleticek hamarrekin irabazi du Logroñon (0-1)
Athletic Clubek bigarren garaipena jarraian lortu du F Moeve Ligan igande honetan Logroñori etxetik kanpo irabazita, Maddi Torreren gol bati esker eta 15. minututik bat gutxiagorekin jokatu arren. (Bideoa gazteleraz).
Oihan Sancet: “Partida ikaragarria egin dugu"
Athleticek 3-0 irabazi dio Atletico Madril taldeari San Mamesen, EA Sports Ligako 4. jardunaldiko partidan. Nico Williams, Robert Navarro eta Oihan Sancet izan dira golegileak.
Athleticek garaipen handia lortu du San Mamesen, Atletico menderatuta (3-0)
Athleticen lehen bi golak bigarren zatiaren hasieran iritsi dira, bata bestearen atzetik izandako bi jokalditan; Nico Williams eta Robert Navarro izan dira golegileak. Hirugarrena, berriz, Oihan Sancetek sartu du, neurketaren azken txanpan.
Terzic: “Ez dago talde garaiezinik, eta, are gutxiago, etxean jokatzen badugu”
Athleticek Atletico Madril hartuko du larunbatean San Mamesen. Edin Terzicek adierazi du badakiela aurkariak maila handia duela, baina esan du Bilboko taldea prest dagoela onenei aurre egiteko.
Adama Boiro West Ham United taldean arituko da, Athleticek utzita
Ezker hegaleko atzelaria 2026-2027 denboraldian ibiliko da Londresko klubean; hori bai, taldek jokalaria erosteko aukera izango du. West Ham United Championshipen dabil lehian, alegia, Ingalaterrako bigarren mailan.
Unai Vencedorrek Athleticekin zuen kontratua eten eta Burgosen jokatuko du
Errekaldeko erdilariak amaiera eman dio Athleticeko etapari, 82 partida ofizial jokatuta eta Superkopa bat irabazita.
Andoni Gorosabelek Espanyolen jokatuko du, Athleticek utzita
Eskuin hegaleko atzelari arrasatearra 2026-2027 denboraldian arituko da Kataluniako klubean; gainera, Espanyolek helburuei lotutako nahitaezko erosketa-aukera du.
Iñaki Williamsek eta Unai Simonek klubarekin duten arazoaz hitz egin dute
Iñaki Williams eta Unai Simon Athletic Clubeko jokalariek jokalarien eta klubaren arteko egungo egoeraz hitz egin dute, eta atsekabea "jokalariena bakarrik ez" dela eta "elkarrizketa bat egiteke" dutela azpimarratu dute.
Iñaki Williams: “Hau da jarraitu beharreko bidea"
Athletic Clubeko jokalariak Celtaren aurkako garaipenari buruz hitz egin du (0-2) EA Sports Ligako 3. jardunaldian. Pozik agertu da taldeak egindako partida onagatik, batez ere lehen zatian.