Marianok berdinketa eman dio Alavesi Rayoren aurka (1-1)
Alavesek markagailua berdindu du partidaren azken txanpan, Marianok Rayok defentsan egindako akats bat aprobetxatu eta gola sartu duenean.
Deportivo Alaveseko Mariano Diaz Rayo Vallecanoren aurkako gola ospatzen. Argazkia: Europa Press
Alavesek bana (1-1) berdindu du Rayo Vallecanoren aurka EA Sports Ligako bigarren jardunaldian. Vallecaseko taldeak arrisku gehiago sortu du lehen zatian, eta atsedenaldiaren ostean aurrea hartu du. Alabaina, Gasteizko taldea suspertu egin da eta azken txanpan berdinketa lortu du.
Markagailuan aurrea hartu aurretik, VARak Rayo Vallecanoren gol bat bertan behera utzi du, lehen zatiko 35. minutuan. Korner baten ostean, Pelayo Fernandez etxeko taldeko jokalariak ukalondoarekin ukitu du baloia, eta, gerora, Pablo Ibañez babazorroen erdilariak bere atera bidali du baloia nahi gabe, baina epaileak baliorik gabe utzi du gola, jokaldia berrikusi ondoren.
Bigarren zatiari ekin bezain pronto, Sergio Camellok aurretik jarri du Rayo Vallecano 48. minutuan. Aurrelariak area ertzean jaso du baloia, Andrei Ratiuren jokaldi baten ondoren, hainbat atzelari gainditu ditu banakako ekintza batekin eta ezin hobeto amaitu du jokaldia Antonio Siveraren aurrean, jaurtiketa gurutzatuz.
Alavesek 84. minutura arte itxaron behar izan du berdinketa erdiesteko. Mariano Diazen bitartez. Hala, Ratiuk pase txar bat bidali dio Batalla lesionatuaren ordez zelairatu behar izan duen Dani Cardenas atzezainari, eta aurrelari babazorroak ederki aprobetxatu du oparia.
Berdinketa horri esker, Alavesek lau puntu lortu ditu EA Sports Ligako lehen bi jardunaldietan, Beñat San Jose gipuzkoarrak zuzentzen duen Rayo Vallecanok, aldiz, txapelketako lehen puntua bereganatu du.