Errege Kopa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Carlos Vicentek penaltiz sartutako gol batek Alaves final-zortzirenetara sailkatu du, Sevilla menderatuta

Lucas Boye bigarren zatian zelairatu izana erabakigarria izan da partida. Aurrelari argentinarrak penaltia eragin du, eta, handik gutxira, min hartuta, ordezkatu behar izan dute.

Boye-Carlos-Vicente-Alaves-Sevilla-Copa-dieciseisavos

Carlos Vicenteren eta Lucas Boyeren arteko besarkada, gol erabakigarria sartu ondoren. Argazkia: EFE

Carlos Vicentek hamaika metroetatik sartutako golak erabaki du gaur gauean Mendizorrotzan jokatu den final-hamaseirenetako partida. Horrela, Alavesek Sevillari irabazi dio, eta talde babazorroa final-zortzirenetan dago.

Rueda de prensa de Eduardo Coudet Alaves-Sevilla dieciseisavos de Copa del Rey
18:00 - 20:00

Jonny Ottok min hartuta zelaia utzi behar izan du 23. minutuan, eta Protesonik hartu du haren lekua. Alaves nagusi izan da lehen minutuetan, baina Sevilla ere ez da deseroso ibili. Babazorroek 9. minutuan izan dute lehen abagune argia, Yusi hegalekoak gogor astindu baitu baloia, korner baten irteeran.

Babazorroak nagusi izan dira jabetzari dagokionez, baina bi taldeek abagune argi bana izan dute; Sevillarena, Sawek 40. minutuan egindako jaurtiketa indartsua.

Atsedenaldiaren ostean, Aleñak izan du bigarren zatiko lehen abagunea, baina area kanpotik egindako jaurtiketa kornerrera urrundu du Sevillako atezainak. Korner horretan Protesonik izan du 1-0ekoa egiteko tenorea, baina area txikitik gertu egin duen errematea erdira atera zaio, eta Vlachodimosek etxekoen saiakera berriro gelditu du.

68. minutuan Coudeten taldeak beste aukera bikain bat izan du, jokaldi on bat egin du. Carlos Vicentek jaurtiketa gurutzatua egin du arearen hegaletik, Sevillako atezainak jaurtiketa desbideratu du, eta aldaratzea Lucas Boyeren oinetan geratu da, baina argentinarrak ez du asmatu. Jarraian, Isaac Romero Sevillako aurrelariak jaurtiketa egin du area barrutik, eta Raul Fernandezek kornerrera bota du.

77. minutuan Lucas Boyek pasea jaso du area barruan, eta iskin egin ostean, Sevillako atzelari batek penalti argia egin dio. Carlos Vicentek bete-betean asmatu du hamaika metroetatik eta gola egin du. Coudetek zuzentzen duen taldea merezi zuen saria eramatea.

Handik gutxira, Boye, zelairatu eta 20 minutura, min hartuta, ordezkatu behar izan dute. Guridik hartu du haren tokia. Sevilla berdintzekotan izan da luzapenean, baina Heliopoliseko taldeak ez du errematean asmatu, Alexisek ez du baloia jotzerik izan.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Raul Fernandez; Jonny (Protesoni, 23.min), Tenaglia, Pacheco, Yusi; Antonio Blanco (Parada, 86.min), Pablo Ibañez (Guevara, 65.min), Carlos Vicente, Aleña; Mañas (Boye 65.min, Guridi, 86.min) eta Toni Martinez.

0 - Sevilla: Odysseas; Juanlu (Sierra, 83.min), Carmona, Gudelj, Castrin, Oso; Jordan (Alexis Sanchez, 80.min), Manu Bueno (Mendy, 68.min), Sow (Agoume, 68.min), Peque (Gonzalez, 80.min); eta Isaac Romero.

Epailea: Sesma Espinosa errioxarra. Alaveseko Yusi jokalariari (45+1. min) eta Sevillako Carmonari (29.min) eta Castrini (53.min) txartel horia erakutsi die.

Gola: 1-0. 79.min: Vicente, penaltiz.

Mendizorrotzan 9.825 jarraitzaile bildu dira. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X