Alavesek eta Vila-realek berdindu egin dute, aukeraz betetako lehian (1-1)
Alavesek eta Vila-realek 1 eta 1eko emaitzarekin berdindu dute Mendizorrotzan, EA Sports Ligako 24. jardunaldian. Samu Omorodion eta Jorge Cuenca izan dira neurketako golegileak, aukeraz beteta egon den norgehiagokan, batez ere lehen zatian.
Vila-real taldea hobeto zelairatu den arren, gasteiztarrena izan da partidako lehen aukera garbia, 8. minutuan: Solak eskuinaldetik erdiratu du, Samuk ez du asmatu baloia errematatzen, baina baloia Guridiri iritsi zaio area barruan. Erdilari gipuzkoarrak keinu ederra egin du arerioa gainditzeko, eta haren ahaleginak zutoina jo du, Jorgensen atezainaren zorionerako.
Hortik aurrera, lehia erabat zoratu da hurrengo minutuetan, eta bisitariek berehala izan dute abagune oso garbia, kontraeraso batean. Alavesekoek oso modu kaskarrean atera dute aldeko korner bat, eta Marcelinok zuzentzen dituen jokalariak erne ibili dira baloia lapurtzeko. Kiko Femenia korrika bizian atera da Siveraren aurrean bakar-bakarrik geratzeko. Azken unean, ordea, Baena bere taldekideari bidali nahi izan dio baloia, hark bultzatu eta gola egin zezan, baina pasea ez da batere zuzena izan, eta Alaveseko atzelariek hori baliatu dute arriskua aldentzeko. Jarraian, talde bakoitzak hurbilketa arriskutsu bat izan du, baina horiek ere eraso antzuak izan dira.
Arabarrek Sola bilatu dute eskuin hegalean behin eta berriro, bere defendatzailea zen Jorge Cuenca gainditu egiten baitzuen jokaldi orotan, eta horrela heldu da etxekoen lehen gola; izan ere, Samuren, Riojaren eta Solaren artean eraman duten kontraeraso batean, azken horrek erdiraketa ezin hobea jarri dio Melillako aurrelari gazteari, eta hark baloia buruz errematatuta sareratu du (26. minutua).
Alavesen golak ez du lehiaren erritmoa eten, eta jokaldi arriskutsuek jarraitu dute bi areetan. Vila-realek, besteak beste, Sorlothen oinetan izan du aukera argia, baina Siverak gelditu aparta egin dio norvegiarraren jaurtiketari. Jokaldi horretan epaileak jokoz kanpokoa adierazi badu ere, gola izatekotan, beharbada VARak beste zerbait adieraziko zukeen (34. minutua).
Handik 6 minutura, bisitariek falta bat izan dute alde zelai erdian, aurrez prestatutako jokaldi bat gauzatzeko baliatu dutena. Baenak azkar atera, Gerard Moreno aurkitu du area barruan, eta aurrelari katalanaren zartakoa atepean atera du Abqarrek kornerrera bidaltzeko, Sivera gaindituta zegoela.
Hain zuzen ere, korner horren erdiraketan etorri da berdinketa, Cuencaren burukada baten bidez. Vila-realen atzelaria partida eskasa egiten ari zen ordura arte, Solari aurre ezin eginda baitzebilen, baina erasorako orduan ez du barkatu, eta gola egin du.
Bigarren zatiaren hastapena oso bestelakoa izan da. Bi taldeek alde batera utzi dute lehen zatiko erritmo bizia eta zoroa, eta jokoaren kontrola bereganatzen saiatu dira, aurkariari horrenbeste erraztasunik eman gabe.
Haatik, arrisku egoerak presente egon dira area batean zein bestean behin baino gehiagotan. Horren adierazle izan dira Jorgensenek oso seguru gelditu duen Solaren jaurtiketa bortitz bat (57. minutua), eta beste arean izandako Gerard Morenoren ahalegina, Alavesen atzelari baten gorputzean jo ostean kornerrera joan dena (61. minutua).
Dena den, aipatutakoak baino argiagoak izan dira handik gutxira, 67. minutuan, Sorlothek izandakoa (Siverak bikain aldendutakoa) edota Javi Lopez lesionatuaren ordez atera den Carlos Vicentek kontraeraso batean huts egin duena (70. minutua).
Hortik aurrera, partida beste fase batean sartu da, Alavesek ekimena berreskuratu du eta baloia denbora gehiago egon da Vila-realen zelaian. Dena den, ia ez da aukerarik egon azken txanpa horretan, Samuk area barruan oso behartuta egin duen jaurtiketa bat izan ezik, baina haren saiakera oso desbideratuta joan da, Jorgensenen atearen gainetik.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Sivera; Gorosabel, Rafa Marín (Duarte, 15. min), Abqar, Javi López (Vicente, 69. min); Guevara, Blanco; Sola, Guridi (Hagi, 86. min), Luis Rioja (Rebbach, 86. min) eta Samu Omorodion.
1 – Vila-real: Villarreal: Jorgensen; Kiko Femenía, Albiol, Cuenca, Mosquera; Ilias Akohach (Morales, 85. min), Comesaña, Coquelin (Capoue, 80. min), Álex Baena (Alberto Moreno, 79. min), Gerard Moreno (Guedes, 74. min) eta Sorloth.
Epailea: Melero López (Andaluziako batzordea). Txartel horiak: Luis García Plaza (Alaves); Cuenca eta Sorloth (Vila-real).
Golak: 1-0, 25. min: Samu Omorodion. 1-1, 42. min: Cuenca.
Zure interesekoa izan daiteke
Miguel Rodriguez: “Entrenatzaileak eskatutako postuan, eroso izango naiz: bigarren aurrelari, eskuineko hegalean…”
Alavesen fitxaketa berria Herbehereetako Utrecht taldetik iritsi da Gasteizera, eta astelehenean aurkeztu dute. Miguel Rodriguezek ilusio handia du euskal taldean aritzeko aukeragatik.
Alavesek garaipena lortu du Castelloren aurka udako hirugarren lagunartekoan (0-3)
Alaves bolada onean dabil. Gasteizko taldeak udako hirugarren lagunartekoa jokatu du Castelloren aurka, eta 0-3ko emaitzarekin nagusitu da. Lucas Boyek egin ditu lehen bi golak, lehena penaltiz, eta Mariano Diazek sartu du hirugarrena.
Sarah Brasero ingelesak Alavesen erasoa sendotuko du
23 urtez azpiko Ingalaterrako selekzioarekin jokatutakoa, West Ham taldetik iritsi da Gasteizera. Ipswich Town taldean hezia, Braserok Espainiako eta Portugaleko nazionalitatea ere badu.
Alavesen jokalariak “etsita eta haserre" daude klubaren kudeaketarekin, igoera-saria dela eta
Jokalariek Futpro elkartearen bidez azaldu dute euren jarrera. Gainera, argitu dute oharrarekin ez dutela "liskarrik sortzea" bilatzen, "egoera nola bideratu den ikusita" euren etsipena agertu baizik.
Miguel Rodriguezek Alavesen jokatuko du 2031ra arte
23 urteko gazte galiziarra Holandako Utrecht taldetik dator Gasteizera.
Alavesek Girona garaitu du udako bigarren lagunartekoan (0-1)
Alavesek 0-1 garaitu du Girona La Vall d’en Basen jokatu duen denboraldiaurreko bigarren lagunartekoan. Norgehiagokako gol bakarra Alvaro Garciak sartu du azken txanpan, korner bat buruz errematatuta.
Koskik burmuineko kommozio ez larria du kolpe baten ondorioz, eta atseden hartu beharko du
Alavesek jakinarazi duenez, jokalariari egin dizkioten proba medikoek lesio larriagoak baztertu dituzte.
Alavesek Hanane Ait El Haj fitxatu du defentsako lerroa indartzeko
Atzealdeko ezker hegalean jokatzen du, baina jokalari erasokorra da. Marokoko selekzioko kapitaina da, eta Emakumezkoen Nazioen Afrikako Kopa jokatzen ari da.
Andrea Esteban: “Helburua ahalik eta lehiakorrenak izatea da, ahalik eta azkarren”
Alaveseko jokalariak aurredenboraldi gogorra egiten ari dira. Andrea Esteban entrenatzaileak F Ligan berriro jokatzeko egiten ari diren lanaz hitz egin digu, baita taldearen helburuak zeintzuk diren azaldu ere.
Daouda Doumbia erdilariak NK Istra kroaziarrean jokatuko du
NK Istra Alavesen jabetzakoa da % 85ean.