Errege Kopa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Anaitasuna Errege Kopako lehen kanporaketarako sailkatu da, eta Lehen Mailako talde baten aurka arituko da

Azkoitiako taldeak, aurretiko kanporaketan, Tedeon utzi du txapelketatik at, bi partidetan gailenduta: 5-0 Txerloian, eta, larunbatean, 2-5 Navarreten, Errioxan. Baztan, ordea, Atletico Calatayudek kanporatu du. 

Baloia Kopa artxiboa

Anaitasunak Errege Kopako lehen kanporaketarako txartela lortu du. Argazkia: Europa Press.

Anaitasuna 2026-2027 denboraldiko Errege Kopako lehen kanporaketarako sailkatu da, eta aurkari bezala, bere futbol zelaian, Txerloian, Lehen Mailako talde bat jasoko du, lau hauetako bat hain zuzen ere: Alaves, Athletic, Osasuna edo Espanyol. Txapelketako aurretiko kanporaketak larunbatean izan du itzuliko partida, eta Anaitasunak Tedeon kanporatzea lortu du. Lehen kanporaketarako sailkatzea helburu zuen beste euskal taldeak, alegia, Baztanek, ezin izan du aurrera egin, Atletico Calatayudek lehiatik at utzi baitu.

Testuinguru horretan, Anaitasunak modu bikainean eskuratu du sailkatzea. Joaneko partidan, Gipuzkoako taldeak 5-0 garatu zuen aurkaria, eta itzulikoan, larunbatean, San Miguel zelaian, Navarreten, Errioxan, nagusitasun hori berretsi egin du, eta 2-5 gailendu da. Errazuk, Amusek, Mikelek, Jakesek eta Luisek sartu dituzte euskal taldearen golak.

Elizondon, Giltxaurdin, Atletico Calatayudek Baztan utzi du Kopatik at. Nafarroako taldeak 2-0 galdu zuen lehen neurketa, eta, itzulikoan, etxean, 1-2 galdu du.

Horrenbestez, Anaitasuna ere izango da, astelehenean, Errege Kopako lehen kanporaketako zozketan; arestian esan bezala, maila goreneko talde baten aurka arituko da, eta baliteke EA Sports Ligako euskal talde bat izatea: Alaves, Athletic edo Osasuna izan litezke. 

Publizitatea
X
Publizitatea
X