Final-hamaseirenak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Casemirok eta Martinellik Brasil berpiztu dute Japoniaren aurrean (2-1)

Japoniak historiarako balentria eskura izan du, Kaishu Sanok 30. minutuan markagailuan aurretik jarri ondoren, baina Brasilek, ikaragarri sufrituta, neurketa irauli du bigarren zatian.

HOUSTON (United States), 29/06/2026.- Gabriel Martinelli of Brazil celebrates after scoring the 2-1 goal during the FIFA World Cup 2026 Round of 32 match Brazil against Japan, in Houston, USA, 29 June 2026. (Brasil, Japón) EFE/EPA/SAM WASSON

Martinelli, gol erabakigarria ospatzen. Argazkia: EFE

Brasilek Japoniaren aurka jokatu du astelehen honetan, Houstonen. Casemirok buruz sartutako golak eta Gabriel Martinellik 96. minutuan egindakoak garaipena eman diote Carlo Ancelottiren taldeari (2-1), baina Japoniak estu jarri du canarinha.

Japoniak historiarako balentria eskura izan du, Kaishu Sanok 30. minutuan gola egin eta markagailuan aurreratu ostean, baina Brasilek, sufrimendu handiarekin, norgehiagoka irauli du, bigarren zatian, Munduko Txapelketan bere bidea luzatzeko.

Canarinhak Norvegia eta Boli Kostaren arteko partidaren irabazlearen kontra jokatu beharko du final-zortzirenetan. Kanporaketa horretara lasaitu ederra hartuta iritsiko da, baina baita etxeko lanak egiteko dituela ere, final-hamaseirenetan oso partida eskasa jokatu du eta.

Brasilek baloia kontrolatu du, baina erritmo gutxirekin, arriskurik hartu gabe, eta Japoniak bere antolakuntza eta prestakuntza taktikoa erakutsi ahal izan ditu.

Danilok baloi irteeran egindako hutsak aukerarik onena eman dio Japoniari. Sanok pasea moztu du zelai erdian, areako aurrealderaino aurrera egin du eta Alisson eskuin hankaz egindako jaurtiketa bikain batekin gainditu du. 29. minutua zen, eta Brasil hormaren kontra zegoen.

Suspergarria behar zen eta, atsedenaldian, Ancelottik Endrick Paquetaren ordez zelairatzea erabaki du. Brasil lehen zatian falta izan zaion oldarkortasunarekin zelairatu da, Japonia bere zelaian sartu du, eta haren fisikoa jokoan jarri du, lehen zatian egin ez dituen erdiraketekin.

Saria izan du. Suzukik Bruno Guimaraesi geldiketa bikaina egin eta Tomiyasuk atepean baloia atera ondoren, Casemirok bigarren zutoinean Gabrielen erdiraketa bat jaso eta baloia sareetan jarri du buruz, Brasil 1-1ekoarekin esnarazteko. 55. minutua zen, eta canarinhak aurrerapausoa eman du.

Viniciusek bere lehen jokaldi bikaina egin du lau minutu geroago, eslalom estratosferiko bat, eta eskuinaren kanpoaldearekin egindako erremate batekin amaitu da. Baloiak zutoina jo du, Suzukik ukitu ondoren.

Hidratazio etenaldiaren ondoren, Ancelottik Martinelli berdeguneratu du, eta taldeak bultzaka jarraitu du. NRG Stadium luzapenerako prestatzen ari zenean, denbora gehiagarriaren seigarren minutuan, Bruno Guimaraesek Martinelliri pasea emateko tokia aurkitu du. Hegalekoaren jaurtiketak sare barruan amaitu du, Suzukik ukitu eta zutoinean eman ostean.

Publizitatea
X
Publizitatea
X