Ekuadorrek eta Boli Kostak aurrera egin dute E Multzoan, Herbehereak eta Japonia sailkatu dira F Multzoan, eta AEB da D Multzoko liderra
2026ko Munduko Txapelketak jardunaldi erabakigarria bizi izan du E, F eta D multzoen itxierarekin. Ekuadorrek garaipen historikoa lortu du Alemaniaren aurka, eta Boli Kostak bere sailkapena ziurtatu du E multzoan; Herbehereek eta Japoniak aurrera egin dute F multzoan; AEB D multzoko lider gisa sailkatu da Turkiaren aurka galdu arren, eta Australiak sailkapena eskuratu du.
Ekuadorko jokalariak, garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Ekuadorrek ezustekoa eman du E Multzoan
Ekuadorrek markagailua irauli eta 2-1 menderatu du Alemania 2. minutuan maldan gora jarri zaion partidan, Sanek Alemania aurreratu duenean. Ekuadorren erreakzioa, ordea, berehala heldu da, Nilson Angulok 1-1ekoa egin baitu, eta Gonzalo Platak markagailua irauli du bigarren zatian, korner batean. Alemaniak (lehen postuan sailkatuta zegoen) erritmoa jaitsi du, eta Ekuadorrek bere historiako garaipenik garrantzitsuenetako bat lortu du.
Multzoko beste partidan, Boli Kostak bere sendotasuna berretsi du Curaçao 0-2 garaituta, Nicolas Pepek egindako bi golei esker. Afrikako taldeak partida kontrolpean izan du hasieratik amaierara arte, eta bigarren postua ziurtatu du. Curaçaok, berriz, agur esan dio munduko kopa batean izan duen lehen parte-hartzeari.
Alemania sailkatu da lehen postuan, Boli Kosta sailkatu da bigarren, Ekuador hirugarren dago (sailkatzeko aukera du) eta Curaçaok itxi du multzoa.
Herbehereak nagusi izan da F Multzoan
Herbehereetako selekzioa 1-3 nagusitu zaio Tunisiari lehen minutuetan ia erabakita geratu den partidan. Ellyes Skhirik bere atean egindako gol batek eta Brian Brobbeyk egindakoak bideratu dute neurketa. Tunisiak aldea murriztu du Hazem Mastourik egin duen golarekin, baina Jan Paul van Heckek erabakita utzi du norgehiagoka.
Bestalde, Japoniak eta Suediak 1-1 berdindu dute Arlingtonen jokatutako partida. Daizen Maedak Japonia aurreratu du bigarren zatian, baina Anthony Elangak azkar erantzun du areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin. Berdinketari esker, Japoniak bigarren postua ziurtatu du, eta Suedia beste emaitza batzuen zain geratu da, hirugarren sailkatu onenetako bat izateko esperantzan.
AEB buru D taldean
D Multzoan, AEB lehen postuan sailatu da, 6 punturekin, Turkiaren aurkako azken partidan 3-2 galdu arren. Izan ere, lehenengo jardunaldietako lan onari esker eutsi dio lidergoari.
Beste partida erabakigarrian, Australiak berdinketa garrantzitsua lortu du Paraguairen aurka (0-0), eta horrek multzoko bigarren postuan sailkatzea ziurtatu dio, 4 puntu baititu.
Paraguaik, bestalde, agur esan dio multzoen faseari, hirugarren sailkatu onenetako bat izango den jakiteko zain.