AEB final-hamaseirenetara sailkatu da Australia 2-0 menderatuta
Cameron Burgessek bere atean sartutako gol batek eta Alex Freemanek lehen zatian buruz egindako batek eman diote garaipena AEBko selekzioari.
AEBko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
AEBko selekzioak 2-0 garaitu du ostiralean Australia Seattleko Lumen Field estadioan, eta Munduko Txapelketako final-hamaseirenetarako txartela lortu du horrela.
Partida hasiera ona izan dute oraingoan ere etxekoek. Folarin Balogun area barruan sartu da penalti punturaino, eta, erdiratu ostean, Burgess atzelari australiarrak bere atean sartu du baloia jokaldia mozteko saiakeran (1-0).
Weston McKennieren taldeak konfiantzaz sakatzen jarraitu du, 42. minutuan garaipena bideratuta utzi duen gola lortu arte. Geldikako jokaldi batean, Destek jaurtiketa ona egin du eskuinarekin areako kanpoaldetik, eta, errebote bat izan ostean, Alex Freemanek 2.a egin du, buruz (2-0).
Filip Popovic Australiako hautatzaileak hiru aldaketa egin ditu atsedenaldiaren ostean, baina norgehiagokako gidoia ez da aldatu. AEBk erasoko erritmoa jaitsi duen arren, australiarrek ez dute benetako arriskurik sortu estatubatuarren ate aurrean.
Horien aukerarik onena 86. minutuan iritsi da, Jason Geriak area barrutik jaurtiketa egin duenean, estatubatuarren defentsak arazo handirik gabe aldaratu duen jokaldi kaotiko batean.