Suitzak Bosniaren aurkako neurketa azken txanpan desorekatu du (4-1), eta Txekiar Errepublikak eta Hegoafrikak bana egin dute
Bosniak jokoaren kontrola galdu du bigarren zatian, eta Johan Mamzambi, Ruben Vargas eta Granit Xhakaren golek garaipena eman diote Suitzari. Txekiar Errepublikak aurrea hartu du, Michal Sadileken golari esker, baina Hegoafrikak banakoa egin du penaltiz. Teboho Mokoenak ez du barkatu hamaika metroetatik.
Jokalari suitzarrak, goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Suitzak Bosniaren aurka irabazi du ostegun honetan. Bosniak jokoaren kontrola galdu du bigarren zatian, eta Johan Mamzambi, Ruben Vargas eta Granit Xhakaren golek garaipena eman diote Suitzari, baita B Multzoko lidertza ere.
Suitzak zuloa ireki du 74. minutuan, aldaratze bat Johan Manzambiren oinetan erori denean. Manzambik markagailua estreinatu du, lehen zati etsigarri baten ostean. Suitzarren nagusitasuna areagotu egin da norgehiagokaren azken txanpan, erasoko jokalarien eraginkortasunarekin.
84. minutuan, Ruben Vargasek, Sevillako futbolariak, bigarren gola egin du. Neurketa erabakita utzi duen gola 90. minutuan iritsi da, Manzambi berriro agertu denean bere bigarrena egiteko. Friburgoko jokalariak Vargasen pasea baliatu du, gola sartzeko.
Bosniak emaitza makillatzea lortu du azken minutuetan. 93. minutuan, Ermin Mahmicek bere taldearen gol bakarra egin du. Hala ere, Granit Xhakak suitzarren partidari amaiera bikaina eman dio 96. minutuan, bere taldearen laugarren gola sartuta.
Lehenago, Txekiar Errepublikak eta Hegoafrikak berdindu egin dute Atlantan (1-1), Munduko Txapelketako A multzoko bigarren jardunaldian. Txekiar Errepublikak aurrea hartu du markagailuan seigarren minutuan, Michal Sadileken golari esker, eta Hegoafrikak banakoa egin du penaltiz 83. minutuan. Teboho Mokoenak ez du barkatu hamaika metroetatik.
Emaitza honekin, bi neurketa jokatu ondoren, Hegoafrikak, lehen jardunaldian Mexikorekin galdu ondoren, multzoko azken postuan jarraitzen du puntu batekin. Era berean, Txekiar Errepublika, lehen norgehhiagoka Hego Korearekin galdu ostean, hirugarrena da puntu bakarrarekin.
Mexikok eta Hego Koreak hiruna puntu dituzte, eta lehenengo eta bigarren postuan daude, hurrenez hurren.