Argentinak, Messik hiru gol sartuta, Aljeria menderatu du (3-0); Norvegia Iraki gailendu zaio (1-4), eta Austriak Jordania gainditu du (3-1), Munduko Txapelketan
Leo Messik historia egin du, indarreko txapeldunaren aurreneko partidan; izan ere, hiru gol eginda, Miroslav Klose alemaniarrarekin berdindu du, Munduko Txapelketako golegile historiko handienen lehenengo postuan. Irak-Norvegia neurketan, Erling Haalandek bi gol sartu ditu.
Leo Messik egin ditu Argentinaren hiru golak, Aljeriaren aurka. Argazkia: EFE.
Argentinak Aljeria menderatu du, 3-0, J multzoan; Austria Jordaniari gailendu zaio, 3-1, J multzoan ere; eta Norvegiak Irak hartu du mendean, 1-4, I multzoan, Mexikon, Estatu Batuetan eta Kanadan jokatzen ari diren 2026ko Munduko futbol Txapelketako multzo faseko lehenengo jardunaldian, asteazken goizaldean. Leo Messi futbolari argentinarrak historia egin du, indarreko txapeldunaren aurreneko partidan; izan ere, hiru gol eginda, Miroslav Klose alemaniarrarekin berdindu du, Munduko Txapelketako golegile historiko handienen lehenengo postuan. Gainera, Irak-Norvegia neurketan, Erling Haalandek bi gol sartu ditu.
Testuinguru horretan, Kansas Cityn, J multzoan, Leo Messik garaipen argia eman dio Argentinari, Aljeria aurkari. Argentinako 10 zenbakidunak hiru gol sartu ditu, eta, horrenbestez, 16 daramatza, parte hartu duen sei Munduko Txapelketetan (2006, 2010, 2014, 2018, 2022 eta 2026); hala, Miroslav Klose Alemaniako selekzioko aurrelariak beste gol ditu sartuta txapelketan, eta inork ez du sartu haiek baino gol gehiago Munduko Txapelketako historian. Messik, ia 39 urtekoa bera (datorren asteazkenean betetzeko dago), 17., 60. eta 76. minutuetan sartu ditu Argentinari garaipena eman dioten golak, eta, hala, 2022ko txapelduna J multzoko lider dabil.
Multzo berean, Austriak ere hiru puntu ditu, San Frantziskon Jordaniari gailenduta. Romano Schmidek, 21. minutuan, aurretik jarri du Austriako selekzioa, baina Jordaniak, Ali Olwanen bidez, berdindu egin du, 50. minutuan. Neurketako azken txanpan, beste bi gol izan dira, biak Austriaren aldekoak: 76. minutuan, Yazan al-Arabek, bere atean, 2-1ekoa sartu du, eta luzapenean, penaltiz, Arnautovicek 3-1ekoa lortu du.
Bostonen, I multzoan, Erling Haaland Manchester Cityren aurrelaria erabakigarria izan da, Norvegiak Iraken aurka erdietsitako garaipenean (1-4). Haalandek bere selekzioaren lehenengo bi golak sartu ditu, 29. eta 43. minutuetan, eta Ostigardek, 76.ean, eta Aymen Husseinek, bere atean, luzapenean, markagailua biribildu dute; 39. minutuan, Aymen Husseinek berak egin du Iraken gola, 1-1ekoa. Norvegia da I multzoko liderra; Frantziak bezala, hiru puntu ditu, baina gol kopurua alde du Norvegiak.
Asteazken arratsalde eta gauerako eta ostegun goizalderako, Munduko Txapelketa honetako lehenengo jardunaldiko azken partidak daude iragarrita: Portugal-Kongoko Errepublika Demokratikoa (19:00etan), Ingalaterra-Kroazia (22:00etan), Ghana-Panama (01:00etan, Iñaki Williams dabil Ghanan), eta Uzbekistan-Kolonbia (04:00etan).
Kontsultatu Munduko Txapelketako emaitza eta sailkapen guztiak kirolakeitb.eus-eko web-orrian.