Alaves-Reala eta Valentzia-Athletic, Errege Kopako final-laurdenetan
Kanporaketak otsailaren 3an, 4an edo 5ean jokatuko dituzte, partida bakarrera. Albacete-Bartzelona eta Betis-Atletico Madril izango dira gainerako bi neurketak. Finalerdietan, gutxienez euskal talde bat izango da.
Pablo Ibañez eta Jon Gorrotxategi, Mendizorrotzan, 2025eko abenduan. Argazkia: Europa Press.
2025-2026 denboraldiko Errege Kopako final-laurdenetan, Alaves-Reala eta Valentzia-Athletic kanporaketak jokatuko dituzte, astelehenean Madrilen egindako zozketak zehaztu duenez. Kanporaketak otsailaren 3an, 4an edo 5ean jokatuko dituzte, partida bakarrera. Albacete-Bartzelona eta Betis-Atletico Madril izango dira Kopako final-laurdenetako gainerako bi neurketak; horrenbestez, finalerdietan gutxienez euskal talde bat izango da, eta bi ere izan litezke.
Hala, Alavesek eta Realak Mendizorrotzan jokatuko dute; Gasteizko futbol zelaian, Chacho Coudeten taldeak, Kopan, Lehen Mailako bi talde utzi ditu txapelketatik at, Sevilla eta Rayo Vallecano hain zuzen ere. 2025eko abenduan jokatu zuten azkenengoz Mendizorrotzan, Ligan, eta orduan Alaves gailendu zen, 1-0.
Athletic, ordea, Mestallan arituko da. 2022-2023 denboraldian, final-laurdenetan ere, zuri-gorriek Valentzia menderatu zuten, 1-3; aurreko denboraldian, berriz, finalaurrekoan, Valentziak lortu zuen aurrera egitea.
Hauek dira Errege Kopako final-laurdenetako kanporaketak
Albacete-Bartzelona
Alaves-Reala
Valentzia-Athletic
Betis-Atletico Madril