Eintracht Frankfurt, Europa Ligako txapeldun
Eintracht Frankfurt da 2022ko Europa Ligako txapelduna, Sevillan jokatu den finalean Glasgow Rangers mendean hartuta. Berdinduta amaitu da partida (1-1), luzapenean ez da golik egon, eta penalti jaurtiketetan Alemaniako taldea nagusitu da.
Lehen zatian nagusi izan da Eintracht Frankfurt eta Alemaniako taldeak izan ditu abagune argienak. Alemaniako taldeak 12. minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina McGregor atezainak Kamadaren jaurtiketa desbideratu du, eta aldaratzea jaso duen Kosticen jaurtiketa kanpora joan da. Zortzi minutu beranduago, McGregorrek Eintrachten gola saihestu du, Knauffen erremateari erantzun ona emanda. Glasgow Rangersen erantzuna 26. minutuan iritsi da Aribok kanpora bidali duen jaurtiketa baten bidez.
Kosticek bi abagune alferrik galdu ditu Eintracht Frankfurtentzat 30. eta 32. minutuetan, eta Eskoziako taldeak 37. minutuan erantzun du Trapp atezainak gelditu duen Lundstramen errematearekin. Atsedenaldira iritsi aurretik Rangersek gola sartzeko aukera izan du, baina Jacken jaurtiketak ez du aurkariaren atea aurkitu.
Bigarren zatiari hobeto ekin dio, eta Lindstromek gertu izan du gola; erdilariaren jaurtikea, ordea, kanpora joan da aurkari batengan jo ostean. Rangersek abagune argia alferrik galdu du 54. minutuan, baina Kentek ez du baliatu Knauffek baloia aldentzerakoan egin duen hutsa. Hiru minutu beranduago, ordea, Glasgow Rangersek gola sartu du; Eintrachtek huts nabarmena egin du defentsan, baloia Aribok jaso du, eta Rangerseko aurrelariak ez du barkatu Trapp atezainaren aurrean (0-1).
Pozak 12 minutu bakarrik iraun dio Eskoziako taldeari, 69. minutuan Eintracht Frankfurtek neurketa berdintzea lortu baitu; Kosticek erdiraketa egin du hegaletik, eta Santos Borrek banakoa jarri du markagailuan (1-1) Rangerseko defentsei aurrea hartu eta McGregor atezaina gaindituta.
Neurketaren azken txanpan, konkretuki 89. minutuan, Eintrachtek abagunea izan du, baina Kosticen jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Arauzko 90 minutuak bana berdinduta (1-1) amaitu dira, eta lehia luzapenera joan da.
Luzapeneko lehen zatian talde bakoitzak abagune bana izan du. Arfieldek gola sartzeko aukera izan du Rangersentzat, Santos Borrek Eintrachtentzat, baina bietako bat ere ez da gai izan aurkariaren atea zulatzeko.
Erasokor ekin diote bi taldeek luzapeneko bigarren zatiari. Lehen abisua Glasgow Rangersek eman du, baina Trapp atezainak Barisicen jaurtiketa gelditu du. Jarraian etorri da Eintracht Frankfurten erantzuna, baina Hrusticen jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik. Trapp Eintrachteko atezaina izan da protagonista azken minutuetan, gelditu bikainak egin baititu. Davisek etepean egin duen errematea desbideratu du Trappek 118. minutuan, eta azken jokaldian ate barrura zihoan jaurtiketa gelditu du. Ez da golik egon luzapenean, eta penaltietan erabaki da txapelduna.
Rangersek lehen hiru penalti jaurtiketak sartu ditu. Tavernierrek, Davisek eta Arfieldek ez dute kale egin. Eintrachtek ere ez du hutsik egin lehen hiru jaurtiketetan; Lenzek, Hrusticek eta Kamadak golak sartu dituzte. Rangersen laugarren penaltian Trapp atezainak Ramseyren jaurtiketa gelditu du. Ondoren, Kosticek gola sartu du Eintrachtentzat, baita Roofek ere Rangersentzat. Santos Borrek jaurti du Eintracht Frankfurten bosgarren penaltia, gola sartu du, eta garaipena eman dio bere taldeari.
Fitxa teknikoa:
1 - Eintracht Frankfurt: Trapp; Tuta (Hasebe, 58. min), Touré, N'Dicka (Lenz, 100. min); Knauff, Sow (Hrustic, 105. min), Rode (Jakic, 89. min), Kostic; Lindström (Hauge, 71. min), Kamada eta Borre.
1 - Glasgow Rangers: McGregor; Tavernier, Goldson, Bassey, Barisic (Roofe, 117. min); Jack (Davis, 74. min), Lundstram; Wright (Sakala, 74. min) (Ramsey, 117.min), Kamara (Arfield, 91. min), Kent eta Aribo (Sands, 101. min).
Golak: 0-1, 57. min: Aribo. 1-1, 69. min: Borre.
Penalti jaurtiketak: 0-1, Tavernier. 1-1, Lenz. 1-2, Davis. 2-2, Hrustic. 2-3, Arfield. 3-3, Kamada. 3-3, Ramsey (Trappen gelditua). 4-3, Kostic. 4-4, Roofe. 5-4, Santos Borre.
Epailea: Slavko Vincic (Eslovenia). Txartel horia atera dio Aribo (62. min) Rangerseko jokalariari, baita Wright (73. min) Eintrachteko futbolariari.
Zure interesekoa izan daiteke
Real Madrilek, Bodo/Glimtek eta PSGk final-zortzirenetako kanporaketak bideratu dituzte
Madrildarrek eta norvegiarrek Manchester City eta Sporting Portugal 3-0 jipoitu dituzte, hurrenez hurren, eta egungo txapeldunak 5-2 irabazi dio Chelseari Parisen. Bayer Leverkusenek eta Arsenalek, aldiz, bana berdindu dute.
Bayernek eta Atleticok kanporaketa bideratu dute, eta Galatasarayk aurrea hartu du
Turkiako taldeak ezustean harrapatu du Liverpool (1-0) kanporaketaren hasieran, Alemaniako taldeak Atalanta jipoitu dute Bergamon (1-6), koltxoneroek 5-2 irabazi diote Tottenhami eta Bartzelonak azken hatsean berdinketa (1-1) lortu du Newcastlen.
Lau hamarkada, azken Atletico Madril - Reala Kopako finaletik
Hitzordu hura 1987ko ekainaren 27an jokatu zuten La Romaredan, eta John Toshacken Reala nagusitu zen penaltietan.
Real-Athletic Errege Kopako finalaurreko itzulerako partidaren laburpena
Realak 1-0 irabazi dio Athletici Errege Kopako finalaurreko itzulerako partidan. Joanekoan gol bateko abantaila hartua zuen talde txuri-urdinak, hortaz, 2-0arekin lortu dute Sevillarako txartela. Hemen norgehiagokaren laburpena.
Reala, finalera Anoetan Athletic kanporatuta, Kopako derbi zirraragarrian (1-0)
Realak Atletico Madrilen aurka neurtuko ditu indarrak apirilaren 18an Sevillako Cartuja futbol-zelaian jokatuko den finalean. Txuri-urdinek 1-0 mendean hartu dute talde zuri-gorria, Oyarzabalek azken minutuetan penaltiz sartutako gol bati esker.
ARGAZKI-GALERIA: Reala-Athletic Kopako finalerdiak utzitako irudirik onenak
Realak eta Athleticek 2025-2026 denboraldiko Errege Kopako finalaurrekoaren itzuliko neurketa jokatu dute. Hemen daude ikusgai Kopako euskal derbiak utzitako irudi ederrenetako zenbait.
Realaren eta Athleticen autobusek zaleen azken animoak jaso dituzte, giro ikusgarrian, Anoetara bidean
Errege Kopako finalerdietako derbia erabakigarria hasteko ordu eta erdi gelditzen zirela, zale txuri-urdinek eta zuri-gorriek babes ikaragarria eman diete jokalariei.
Realaren eta Athleticen zaleak gogotsu eta itxaropentsu daude, gaueko hitzorduaren atarian
Realak eta Athleticek Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida jokatuko dute gaur gauean Anoetan. Giro ederra dago bi taldeen zaleen artean.
Realak abantailaz ekingo dio kopako derbiaren bigarren neurketari, eta Athleticek kemenez egingo dio aurre Anoetako norgehiagokari
Ruperez, Odriozola eta Kubo ez daude jokatzeko moduan, baina Oskarsson bueltan izango du Matarazzok. Joanekoarekin alderatuta, Valverdek lau jokalari garrantzitsu sartu ditu deialdian, Vivian, Yuri, Berenguer eta Sancet, eta orduan zigortuta zegoen Paredes ere bai.
Atletico Madril izango da Realaren edo Athleticen aurkaria Sevillako finalean
Bartzelonak joaneko partidako desabantaila murriztu du hiru golekin (3-0), baina luzapena behartzeko laugarrena falta izan zaio.