Bartzelonak Txapeldunen Ligako finalerdia bideratu eta ikusle kopuruaren marka hautsi du berriro
Bartzelonak aurrerapauso handia eman du Txapeldunen Ligako finalean egoteko, Wolfsburg taldeari 5-1 irabazita, finalerdietako joaneko partidan, mukuru beteta egon den Camp Nou futbol-zelaian. Arratsalde magikoa izan da katalanentzat, bai bere taldearen jokoagatik, bai Aitana Bonmatí, Caroline Graham Hansen, Jennifer Hermoso eta Alexia Putellasek sartutako golengatik (azken horrek bi erdietsi ditu).
Partida irabazteaz gain, Kataluniako taldeak marka berri bat ezarri du; izan ere, hilabete baten buruan bigarren aldiz, emakumezkoen futbol partida batean bildutako ikusle kopuruaren munduko errekorra hautsi du Camp Nouk. Lehendabiziko aldia Real Madrilen aurkako final-laurdenetan izan zen. Orduko hartan, 91.553 zale bertaratu ziren Bartzelonako futbol-zelaira. Ostiral honetan, berriz, Wolfsburgen aurka, 91.648 lagun bildu dira.
Horrela, Bartzelonak errebantxa hartu du orain arte garaitu gabe zeukan aurkari baten aurrean, 2019/2020 denboraldian txapelketa horretako finalerdietatik kanpo utzi zuena, hain zuzen ere. Gainera, katalanek denboraldi honetan jokatutako 40 partida ofizialetan 40. garaipena erdietsi dute.
Fitxa teknikoa
5 - Bartzelona: Paños; Torrejón, Paredes, Mapi León, Rolfo; Bonmatí (Mariona, 80. min), Guijarro, Alexia Putellas (Engen, 89. min), Graham Hansen (Leila, 89. min), Hermoso (Claudia Pina, 78. min) eta Crnogorcevic (Oshoala, 78. min).
1 - Wolfsburg: Schult; Wedemeyer, Hendrich, Janssen, Rauch; Popp (Pajor, 61. min), Lattwein; Huth, Roord (Blomqvist, 76. min), Jónsdóttir (Knaak, 90. min); eta Wassmuth.
Golak: 1-0, 3. min: Aitana Bonmatí. 2-0, 10. min: Graham Hansen. 3-0, 33. min: Jennifer Hermoso. 4-0, 38. min: Alexia Putellas. 4-1, 72. min: Jill Roord. 5-1, 85. min: Alexia Putellas.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Recio: “Badakigu asko sufrituko dugula, baina edukiko ditugun aukerak aprobetxatu beharko ditugu”
Ander Laka: “Konfiantza handiz gaude denok, Vila-realen aurka ere irabazteko asmoz”
Amorebieta vs Osasuna, Gimnastica Torrelavega vs Alaves eta Numantzia vs Athletic, Errege Kopako bigarren kanporaketan
Espainia-Frantzia, Norvegia-Ingalaterra, Herbehereak-Portugal eta Belgika-Alemania, Nazioen Ligako final-laurdenetan