Ukabilkada bat eta istilu itzela, Aragoiko derbian
Andrada, Zaragozako atezaina, kaleratu egin dute Pulido Huescako kapitainari bultza egiteagatik. Txartel gorria atera bezain laster, kontrola galdu du eta aurpegian ukabilkada eman dio Pulidori.
Hypermotion Ligako 37. jardunaldian Huescak eta Zaragozak jokatu duten Aragoiko derbiak amaiera ezin zakarragoa izan du, ukabilkada bat, jokalarien arteko istiluak eta hiru kanporatze izan baititu luzapenean.
Esteban Andrada argentinarrak, Zaragozaren atezainak, aurpegian ukabilkada eman dio Jorge Pulido Huescaren kapitainari, kanporatu eta jarraian.
1-0 zegoen markagailuan 98. minutuan, Andrada kaleratu dute Pulidori bultza egiteagatik. Txartel gorria atera bezain laster, argentinarrak kontrola galdu du eta Huescako kapitainari ukabilkada eman dio aurpegian.