Racing Lehen Mailara itzuliko da 14 urteren ondoren
Valladolid menderatu eta Almeriak bere partida galdu ostean, igoera matematikoki ziurtatu du Kantabriako taldeak.
Villalibre, bere gola ospatzen. Argazkia: EFE
Racingek matematikoki lotu du larunbat honetan EA Sports Ligara itzultzea, Hypermotion Ligako 40. jardunaldian, Valladolid 4-1 garaitu eta Almeriak Las Palmasen aurka 1-2 galdu ostean.
Sardineron, lehen ordu erdia pasata, Asier Villalibrek egin du Racingen lehen gola, korner bat txilenaz errematatuta (1-0). Mohamed Jaouabek berdinketa lortu du talde bisitariarentzat atsedenaldia heldu baino apur bat lehenago (1-1), baina Andres Martinek etxekoak aurretik jarri ditu berriro 62. minutuan, penalti bat sartuta (2-1).
Ondoren, 73. minutuan, Andres Martinek berak, Racingen garaipena ziurtatu du, area barruan ezkerkada batez baloia sare barrura bidalita (3-1), Villalibrek asistentzia ona eman ondoren. Luzapenean, etxeko zaleak igoera ospatzen ari zirenean, Suleiman Camarak ginga jarri du laugarrena eginda (4-1).