Imanol Idiakez, Cadizen entrenatzaile berria, denboraldiaren amaierara arte
Entrenatzaile gipuzkoarrak talde andaluziarrak Hypermotion Ligan jarrai dezan ailegatu da; Cadizek hiru puntura ditu jaitsiera postuak.
Imanol Idiakez, Cadizen entrenatzaile berria. Argazkia: Europa Press
Cadiz eta Imanol Idiakez akordio batera ailegatu dira entrenatzailea denboraldi amaieraraino lehen taldearekin ibil dadin, Andaluziako taldeak jakinarazi duenaren arabera.
“Jokalari eta entrenatzaile moduan ibilbide luzea du, Real Zaragoza, Vila-real, Leganes eta Deportivo taldeetan egon da, besteak beste. Denboraldi honetan Zipreko AEK Larnaka zuzendu du”, adierazi du Cadizek, eta “entrenatzaile donostiarra jada kirol-hirian dabil, eta arratsaldeko entrenamendua zuzenduko du” gehitu du.
Lehenago, Sergio Gomez, taldearen entrenatzailea, kargugabetu zutela iragarri zuen Cadizek, Hypermotion Ligan lortutako emaitza txarren ondorioz.
Talde horia sailkapeneko hemezortzigarren postuan dago, jaitsiera postuak hiru puntura dituela; 38 puntu lortu ditu, eta Real Zaragozak, berriz, 35.