Blas Ziarreta hil da, Bizkaiko futbolaren erreferenteetako bat
Santurtziko entrenatzaile historikoa asteartean hil da, 79 urte zituela, hainbat hamarkadatan futbolean aritu ondoren. Eibar, Sestao, Burgos eta Bilbao Athletic taldeak zuzendu zituen, besteak beste.
Blas Ziarreta, artxiboko irudi batean. EITB.
Blas Ziarreta (Santurtzi, Bizkaia, 1947) entrenatzaile historikoa hil da, 79 urte zituela, futbolean hainbat hamarkada eman ondoren. Ziarretak Santurtzin hasi zuen entrenatzaile ibilbidea, 1974an. Bi etapa egin zituen bertan; azkena, 1983 eta 1985 artean.
Ondoren, hainbat talde zuzendu zituen: Sestao Sport (hiru aldiz), Erandio, Lemoa, Bilbao Athletic, Aurrera, Burgos, Gernika, Badajoz eta Eibar. Armaginekin amaitu zuen ibilbidea entrenatzaile profesional gisa 2003an, hogeita hamar urteren ostean.
1981etik data horretara arte, entrenatzaile bizkaitarrak 427 partida zuzendu zituen Bigarren Mailan, eta maila horretan partida gehien zuzendu dituen zortzigarren teknikaria da. Horrez gain, 270 neurketa zuzendu zituen Bigarren B Mailan.
Bi hamarkada Lezaman
2004an, Athleticekin hasi zen lanean, hitzartutako klubekin harremanak koordinatzen.
Jarraian, bestelako erantzukizunak hartu zituen bere gain; jokalari berriak ekartzen eta egonkortzeaz gain, instalazioak hobetzen eta futbolari gazteak prestatzen ere aritu zen.