Claudia Fernandezek eta Nerea Bengoak Alavesen jokatuko dute, Athleticek utzita
Claudia Fernandezek eta Nerea Bengoak RFEF Lehen Mailako Alavesen jokatuko dute 2025-2026 denboraldian, Athleticek utzita. Bi klubak ados jarri dira, eta ofizial egin dituzte operazioak.
Fernandez zuri-gorrien bigarren eta lehen taldeen artean ibili zen 2024-2025 sasoian, eta debuta egin zuen F Ligan 2025eko urtarrilaren 18an San Mamesen, Bartzelonaren aurka. Harrezkero, maila goreneko beste hiru partidatan parte hartu zuen Athleticekin. Horrez gain, 22 urteko erdilariak 23 partida jokatu zituen bigarren taldearekin, guztira lau gol sartuta.
Bestalde, Bengoak bigarren denboraldiz jarraian jokatuko du Alavesen. 24 urteko erdiko atzelariak 22 partida jokatu zituen Arabako taldearekin 2024-2025 denboraldian, igoera play-offak barne. Play-offetan, Gasteizko taldeak ez zuen igotzea lortu, porrot egin baitzuen Cacereñoren aurka.