Bartzelona-Osasuna partida martxoaren 27an jokatuko dutela berretsi dute; Athletic-Osasuna, hilaren 30ean
Espainiako Futbol Federazioak berretsi du 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako 27. jardunaldiari dagokion Bartzelona-Osasuna partida martxoaren 27an jokatuko dutela, ostegunez (21:00); hain zuzen, neurketa hori hilaren 8an jokatzekoa zen, baina atzeratu egin zuten, Carles Miñarro Kataluniako taldeko medikua hil zela eta. Ondorioz, 29. jardunaldiko Athletic-Osasuna derbia hilaren 30ean jokatuko dute San Mamesen (18:30), igandez; hasiera batean, iragarri zuten hilaren 28an jokatuko zutela, ostiralez.
Testuinguru horretan, Espainiako Federazioaren Bigarren Instantziako Batzorde Nazionalak erabaki du Bartzelona-Osasuna atzeratutako partida martxoaren 27an jokatuko dutela, ostegunez. Hala ebatzi zuen Jose Alberto Pelaez epaileak, alegia, Espainiako Federazioaren Txapelketa Profesionaletako Epaile Bakarrak; Osasunak eta Bartzelonak helegiteak aurkeztu zituzten, baina Batzordeak ez ditu onartu, ostegunean argitaratutako ebazpenean jasota dagoenez. Neurketa atzeratu egin zuten Carles Miñarro Bartzelonako lehen taldeko medikua bat-batean hil zelako, norgehiagoka hasi baino ordu batzuk lehenago.
Aldaketa horrek, halaber, beste bat dakar, Nafarroako taldeak jokatuko duen hurrengo partidarako: hilaren 28an San Mamesen jokatzekoa zen Athletic-Osasuna derbia, azkenean, hilaren 30an jokatuko dute, igandez.
Osteguneko partida 21:00etan jokatuko da, eta derbia, berriz, igandeko 18:30ean.
Zure interesekoa izan daiteke
Londresen dauden Realaren zaleak, garaipena lortzeko itxaropentsu
PSGk huts egin du Erromaren aurrean du, eta Lillek ezustean hartu du Bayern Munich
Realak Crystal Palaceri irabazi behar dio, aurreneko zortzien artean sailkatzeko aukerekin jarraitzeko