Kopako final-laurdenetan izango da Athletic, Alaves kanporatuta (2-0)
Athleticek 2-0 garaitu du Alaves Asier Villalibre aurrelariak sartutako bi golekin, Errege Kopako final-zortzirenei zegokion kanporaketan, San Mamesen jokatu dena 45.233 ikusleren aurrean. Horrenbestez, Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldea ostiral honetan, urtarrilaren 19an, egingo den final-laurdenetako kanporaketen zozketan izango da.
Alaves izan da partidako lehen aukera garbia izan duena, bosgarren minutua bete orduko. Joko-aldaketa bikaina egin du hegal batetik bestera Antonio Blancok Hagirentzat, eta errumaniarrak jaurtiketa gaiztoa egin duen arren, Julen Agirrezabala atezain zuri-gorriaren erantzuna aparta izan da gola saihesteko.
Partidaren hasiera horretan bilbotarrak ez dira eroso sentitu, eta apenas lotu ahal izan dute jokaldi onik 25. minutura iritsi arte. Lekuek baloia ezker hegaletik erdiratu du area barrura, eta Sanceten burukadak Siveraren eskuetan bukatu du eme-eme. Dena den, handik gutxira (27. minutua) zuri-gorrien gola etorri da Villalibreren eskutik. Gernikako aurrelariak area barruan hartu du baloia, eta ezkerrez egindako jaurtiketa bortitza sare barrura joan da. Siverak ezer gutxi egin ahal izan du.
Golak Valverderen jokalariak hauspotu ditu, eta hainbat abagune kateatu dituzte lehen zatiko azken 15 minutuetan, Sancet, Muniain edota De Marcosen eskutik. Haatik, horietako garbiena Berenguerrek izan du. Sancetek pase ezin hobea bidali dio hegaleko nafarrari, baina Siverak ederto eragotzi dio gola lortzea Barañaingoari.
Atsedenalditik bueltan, lehen zatian gertatu legez, gasteiztarrak biziago zelairatu dira, eta bi aukera oso nabarmen izan dituzte norgehiagoka berdintzeko: bosgarren minutuan, Samuk; eta handik bi minutura, Simeonek. Aitzitik, Agirrezabalarekin egin dute topo Alaveseko aurrelariek beste behin ere, Luis Garcia Plaza entrenatzailearen etsipena eraginez.
Valverderenek, ordea, ez dute barkatu bigarren zatian izan duten lehen hurbilketan. De Marcosek eskuin hegaletik erdiratu du, eta Villalibrek buruz gaueko bigarren gola sartu du lehiako 60. minutuan, area barrutik bakar bakarrik errematatuta.
Gol horrek min handi egin die bisitariei; izan ere, kanporaketa berdintzea eskura izan ostean, bi gol azpitik ikusi dute euren burua, eta horrek beheraldia eragin die. Ondorioz, ordutik aurrera Athleticek ez du arazo gehiegirik izan errentari eutsi eta final-laurdenetarako sailkapena lasai antzera bereganatzeko.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue (Yuri, 70. min); Prados (Jauregizar, 86. min), Herrera; Berenguer (Nico, 70. min), Sancet (Unai Gómez, 78. min), Muniain (Adu Ares, 78. min); eta Villalibre.
0 - Deportivo Alavés: Sivera; Sola, Tenaglia (Rafa Marín, 76. min), Duarte (Maras, 76. min), Víctor Parada (José de León, 87. min); Antonio Blanco (Selu Diallo, 66. min), Benavidez; Alkain, Giuliano Simeone (Guridi, 66. min), Hagi; eta Samu Omorodion.
Golak: 1-0, 28. min: Villalibre. 2-0, 60. min: Villalibre.
Epailea: César Soto Grado. Txartel horiak: Benavidez (71. min) eta Rafa Marín (90. min).
Zure interesekoa izan daiteke
2026ko Urrezko Baloirako izendatuen zerrenda osoa
Urriaren 26an, Londresen, hala egingo dute; orduan, “France Football” aldizkariaren iritziz mundu mailan 2026ko futbolaririk onenek sariak jasoko dituzte. Hona hemen nortzuk dauden izendatuta, golardo bakoitzean.
Johaneko, Athleticeko jokalaria: “Oso harro nago. Lanean jarraitu behar da minutuak izateko”
Louis-Jean Johanekok debuta egin du denboraldi honetan lehen taldearekin, eta bere sentipenak partekatu ditu prentsaurrekoan.
Nahuel Tenaglia: “Gozatu beharreko bolada ona bizitzen ari gara”
Nahuel Tenaglia Alaveseko jokalariak prentsaurrekoa eman du, larunbat honetan Racingen aurka jokatuko duten partidari buruz hitz egiteko eta taldearen bolada onaz hausnartzeko.
Manchester Cityk, Aston Villak eta Betisek etxetik kanpo irabaziz ekin diote Txapeldunen Ligari
AEK Atenasek, Real Madrilek eta Betisek ere irabazi egin zuten Europako txapelketa nagusiaren hasieran.
Osasunak Racing garaitu du eta Erregina Kopako bigarren kanporaketara igaro da
Osasuna Racing baino gehiago izan da norgehiagokan 2-4koa lortuz. Ondorioz, Erregina Kopako bigarren kanporaketara pasa da talde gorritxoa.
Urrezko Baloia: Unai Simon atezainik onenaren sarirako eta Mikel Arteta eta Unai Emery entrenatzailerik onenaren sarirako izendatu dituzte
Athleticeko atezainak, munduko txapelduna bera, Yashin Garaikurrerako izendatu dute, 2024an bezala; Arsenaleko eta Aston Villako entrenatzaileek, 2025-2026 denboraldian, Ingalaterrako Liga eta Europa Liga irabazi zituzten, hurrenez hurren.
Realak Granadan galdu du (3-2), eta punturik batu ezinik jarraitzen du Moeve F Ligan
Gorka Alvarezen taldeak, Carlota Chaconek eta Klara Cahynovak sartutako golen bidez, bi aldiz berdindu zituen Granadaren abantailak, baina, bigarren zatiaren hasieran, Andaluziako taldeak hirugarren gola egin zuen, erabakigarria. Realak, txapelketako bi partida jokatuta, ez du punturik, oraindik.
Facundo Garcesek haustura du eskuin belauneko lotailu gurutzatuan
Alaveseko erdiko atzelariari ebakuntza egingo diote, hurrengo egunetan. Garces FIFAk zigortuta dago, baina entrenatzeko baimena zuen, eta, aurreko astean, entrenamendu batean lesionatu zen.
Sucicek hamarrekin erreskatatu du Reala, Elxen jokatutako partida ero batean (2-3)
Kroaziarrak azken minutuetan sartutako gol batek garaipen handia eman die txuri-urdinei, 0-2 aurreratu eta Jon Martinen kanporaketaren ostean, eta Elxek partida nola berdindu duen ikusi ondoren.
Eibarrek puntu bikaina eskuratu du Real Madrilen etxean (0-0)
Iñaki Goikoetxearen taldeak, horrenbestez, lau puntu daramatza, Moeve F Ligan bi partida jokatuta. Igandean, Alfredo Di Stefano futbol zelaian, Eibarrek ahalegin handia egin du, eta, sari bezala, berdinketa eskuratu dute armaginek.