Realak Eibarri irabazi dio, eta Athleticek galdu egin du Vila-realen kontra, F Ligan
Realak 3-1 irabazi zion Eibarri, joan den larunbatean Zubietan jokatutako derbian. Partida oso bizi hasi zen, eta talde txuri-urdinak ireki zuen markagailua 4. minutuan, Nerea Eizagirrek Andreia Jacintoren pase luze bat sareetara bidali ostean. Natalia Arroyok gidatzen duen taldeak erasoan jarraitu zuen, eta honela iritsi ziren ondorengo bi golak: Jensenek sartu zuen bigarrena 16. minutuan, eta, handik bi minutura, Mirarik egin zuen hirugarrena, Bernaberen erdiraketa ona aprobetxatuta.
Bigarren zatian, armaginak erasora irten ziren, eta behin eta berriz ahalegindu ziren neurketari buelta ematen, baina Lete Realako atezaina fin ibili zen. Dena den, Yerai Martinen taldeak ez zuenez amore eman, azkenean iritsi zen merezitako gola 83. minutuan. Nati Cano izan zen golegilea.
Athleticek, bestalde, ezin izan zion azken bi partidetako bolada onari eutsi, 3-0 galdu baitzuen Vila-Realen aurka. David Aznarren taldeak ezin izan zion hirugarren minutuan jasotako golak eragindako dinamikari aurre egin. Clara Pinedok eta Nahikari Garciak aukerak izan zituzten arren, ez zuten asmatu. Larak, Llompartek eta McKennak egin zituzten Vila-realen golak.
Sailkapena
Eibarren aurkako garaipenaren hiru puntuak gehituta, Realak sailkapeneko arriskugunetik irtetea lortu du. Hala, zazpi punturekin, zortzigarren dago; Athletic hamargarren dago, sei punturekin; eta Eibar hamalaugarren postuan dago, bost partida jokatu ostean, hiru puntu soilik poltsikoratu dituelako.
6. jardunaldia
Asteburu honetan, denboraldiko bigarren euskal derbia jokatuko dute Athleticek eta Realak, Lezaman. Hitzordua igandean izango da, 12:00etatik aurrera, eta neurketa zuzenean ikusteko aukera eskainiko du EITBk, ETB1en eta eitb.eus-en. Halaber, Eibarrek Vila-real hartuko du etxean, F Ligako seigarren jardunaldian.
Zure interesekoa izan daiteke
Andoni Ugarte eta Jon Rojo, Espanyol kanporatuta: “Sinetsi egin dugu, hauxe da Sestao Riverren DNA”
Loren Barbado: “Gure nortasuna agerian uztea eta, era berean, lehiakorrak izatea dugu helburu”
Sestao Riverrek Espanyol kanporatu du Errege Kopan, luzapenean, epikoa izan den partidan (4-3)
Quiñones: “Fenerbahçek jokalari garrantzitsuak ditu, baina Reala gainetik ikusten dut”
Iñigo Ruiz de Galarretak lesio “moderatua” du eskuin hankako gihar iskiotibialean
Alexia Putellasek eta Harry Kanek irabazi dute 2026ko Urrezko Baloia