"Ez dut sentitzen jokalarien nahia denik ni ez egotea", esan du Montse Tome Espainiako hautatzaileak
Montse Tome Espainiako futbol selekzioaren entrenatzailearen iritziz, selekzio horretako jokalarien nahia ez da bera eta bere laguntzaileak ez egotea estreinatu berri duten karguan. "Ez dut hori sentitzen", nabarmendu du Tomek. Suediako Göteborg hirian emandako prentsaurrekoan (Espainiak bertan jokatuko du ostiralean, Suediaren aurka, Nazioen Ligako neurketa), Irene Paredes euskal jokalariak esan du Kirol Kontseilu Nagusia "sendo" sartu dela Espainiako selekzioan sortutako krisiaren aurrean; nolanahi ere, Paredesek azpimarratu du nazioarteko futbolariak "bakarrik" sentitu direla. Halaber, Alexia Putellasen hitzetan, jokalariok "ez dugu inor jartzen edo kentzen".
Hala, Montse Tomeren iritzian, Espainiako futbolean dagoen krisia "arlo profesionaletik eta kirol arlotik harago doa", eta esan du bere asmoa beti izan dela futbolariak "babestea" eta haiei "laguntzea, gaizki pasatu baitute".
"Bizi duguna eta bizitzen ari garena larria da, hori egia da, arlo profesionaletik eta kirol arlotik harago doa. Denok dakigu zer gertatu zen finalaren egunean. Garaipen sinestezin bat ospatzen egon beharko genuke, eta gertatu zena oso desatsegina izan zen. Nire iritziz, kirol arlotik kanpo dago", adierazi du Tomek. Luis Rubialesen musukatu ostean, Jenni Hermoso "sufritzen" ikusi zuela esan du; ondorengo egunetan, baina, Tomeren iritziz, "dena nahasi zen, pixkanaka". "Nire asmoa beti izan da laguntzea; entrenatzailea naiz, baina jokalari sentitzen naiz, eta, bereziki, pertsona", gehitu du.
"Argitaratu da jokalariek ez dutela nahi gu hemen egotea; nik ez dut hori sentitzen, ez diet entzun. Zaindu egin behar dugu hori, informazioa baieztatu behar dugu, egia zabaldu. Denok egin dezakegu okerren bat, baina denok izan behar gara profesionalak", zehaztu du.
Entrenatzailearen ustez, bere lehenengo lerroa eta ondorengo polemika "interpretazio akatsa" izan da; hori esan du galdetu diotenean ea jokalariekin hitz egin zuen zerrenda jendaurrean eman baino lehen: "Nik esan nuen futbolariekin hitz egin nuela, ez denekin; inork ez zidan galdetu ea guztiekin hitz eginda nuen deialdian sartuko zirela. Esan nuen, eta errepikatu egiten dut, ez nuela esango norekin nuen hori hitz eginda, ezta zer hitz egin genuen ere", nabarmendu du.
Irene Paredes Espainiako selekzioko jokalari gipuzkoarrak, bere aldetik, azaldu du "behartuta" joan direla deialdira aste honetan, Nazioen Ligako partidetarako, baina onartu egin zutela geratzea Kirol Kontseilu Nagusiari entzuteko. Erakunde hori, Paredesen esanetan, "sendo" sartu da, futbolariek Espainiako Futbol Federazioan eskatutako aldaketen bila. Aldaketa horiek eskatu dituzte emakumeak "baztertuta" daudelako Federazioan.
"Aurreko egunean, ez genuen etorri nahi. Erabakita genuen, hainbat elkarrizketaren ostean, ezin genuela etorri, ez zela unea, baina behartu gintuzten etortzera. Behartuta etorri ginen, eta bilera batzuk izatea onartu genuen. Hortik aurrera, erabaki genuen gelditzea. Adostutako akordioen artean, zigortuak ez izatea izan zen, eta geratzeko erabakia hartu genuen; ez gustura geundelako, baizik eta hori baita egin behar genuena akordioek eta honek aurrera egin dezaten".
Alexia Putellasen arabera, Espainiako selekzioko jokalariok "ez dugu inor jartzen edo kentzen", eta "ez dugu inoiz eskatu Espainiako Futbol Federazioko inor kargugabetzea". "Kezka eta iritzi batzuk adierazi ditugu, taldea ez baitzegoen eroso haiengatik. Informazioa dagokionari helarazi diogu, baina entrenatzailea eta kirol zuzendaria pertsona bera zen, Jorge Vilda. Gu beti joaten gara garbi, futbolean gardentasuna izatea nahi dugu, eta gu ere halakoak izan behar gara", adierazi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Bayernek eta Atleticok kanporaketa bideratu dute, eta Galatasarayk aurrea hartu du
Turkiako taldeak ezustean harrapatu du Liverpool (1-0) kanporaketaren hasieran, Alemaniako taldeak Atalanta jipoitu dute Bergamon (1-6), koltxoneroek 5-2 irabazi diote Tottenhami eta Bartzelonak azken hatsean berdinketa (1-1) lortu du Newcastlen.
Realak 25.680 sarrera izango ditu Errege Kopako finalean
Horietako % 85 Realaren bazkideek jasoko dituzte. Realaren “fanzone” izenekoa, Sevillan, Carlos III.a etorbidean izango da, Cartujako geralekuaren ondoan.
Unai Gomezek ez du lesio larririk, ezker belaunean kolpea besterik ez du
Bermeotarra joan den larunbatean ordezkatu behar izan zuten, Bartzelonaren aurkako partida hasi eta hamar minutura. Astelehen honetan egin dizkioten proba medikoek agerian utzi dute lesioa zenbaterainokoa den, nahiz eta hasiera batean larriagoa ematen zuen.
Zorigaiztoko amaiera Alavesentzat Valentzian (3-2)
Talde babazorroak bi aldiz hartu du aurrea markagailuan, baina penalti batek eta Pacheco eta Guevararen kaleratze bikoitzak amaierarik txarrena eragin dute.
Cadizek kargutik kendu du Gaizka Garitano
Klubaren dinamika txarraren eta azken sailkatuaren aurkako porrotaren ondoren, klubak Derioko entrenatzailea baztertzea erabaki du.
Eibarrek madarikazioa hautsi eta denboraldiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo (0-1)
Eibarrek denboraldiko lehen garaipena lortu du, Leganesen aurka 0-1 irabazita, Peru Nolaskoainen golari esker.
Athleticek onera egin du, baina ez da nahikoa izan Bartzelona garaitzeko (0-1)
Zuri-gorriek dena eman dute zelaian, eta beste partida batzuetan falta izan zaien garra ikusi da jokoan, baina, hala ere, ezin izan dute Ligako liderra garaitu.
Realak ezin izan du berdindu Atleticoren jokoa (3-2)
Bi aldiz berdindu dute markagailua, Solerren eta Oyarzabalen golekin, baina Ivan Gonzalezek azken minutuetan sartutako golak punturik gabe utzi ditu txuri-urdinak.
Sansek 4-2 menderatu du Castello Zubietan
Txuri-urdinek Castello garaitu dute etxean partida bizi jokatuta, eta 3 puntuak eskuratu dituzte Ochiengen, Carreraren eta Mariezkurrenaren golei esker.
Osasunak puntu bat lortu du Mallorcaren aurka, azken hasperenean partida iraulita (2-2)
Talde gorritxoak azken minutuan irauli du markagailua Malllorcaren aurka, 2-2 berdinduz, 89. minutura arte 0-2 galtzen joan ostean. Kike Barjak egin du lehen gola, 89. minutuan, eta Budimirrek berdinketa ezarri du 93.ean, epaileak jokalari bi kanporatu izanak markatu duen partidan.