Unai Gomezek ez du lesio larririk, ezker belaunean kolpea besterik ez du
Bermeotarra joan den larunbatean ordezkatu behar izan zuten, Bartzelonaren aurkako partida hasi eta hamar minutura. Astelehen honetan egin dizkioten proba medikoek agerian utzi dute lesioa zenbaterainokoa den, nahiz eta hasiera batean larriagoa ematen zuen.
Unai Gomezek, min hartuta, zelaia utzi behar izan zuen, larunbatean. Argazkia: EFE
Unai Gomez Athleticeko jokalaria joan den larunbatean ordezkatu behar izan zuten, Bartzelonaren aurkako partida hasi eta hamar minutura, arazo fisikoengatik. Bermeotarrak ezker belauneko "barneko kondiloan hezur-kolpea" du, talde zuri-gorriak jakitera eman duenez.
Astelehen honetan egin dizkioten proba medikoek agerian utzi dute lesioa zenbaterainokoa den. Hasiera batean, lesioak larriagoa ematen zuen, erdilari bizkaitarra min hartuta lurrera erori zen eta, eta zelaitik alde egin behar izan zuen eta, lagunduta eta oina lurrean ia jarri gabe.
Hala ere, Gironaren aurkako larunbateko partidari begira, badirudi bermeotarra, Alejandro Rego zigortuarekin (bosgarren txartel horia atera zioten Bartzelonaren aurka), Nico Williams, Beñat Prados, Maroan Sannadi eta Unai Egiluzekin (min hartuta) eta Yeray Alvarezekin (apirilaren 2ra arte UEFAk ezarritako zigorragatik) batera, bajak izango dela.
Gainera, Ernesto Valverdek Aitor Paredes jokatzeko moduan izango den zalantza du, Kataluniako taldearen aurkako norgehiagoka galdu baitzuen ezker bikian izandako kolpe baten ondorioz.
Talde zuri-gorriak bigarren atseden eguna du astelehen honetan, Bartzelonaren aurkako porrotaren ostean, eta asteartean 11:00etan itzuliko da Lezamara, Montiliviko hitzordua prestatzen hasteko.
Entrenatzaileak beste hiru lan saio jarri ditu ordu berean, eta ostiralekoaren ondoren deialdia eta prentsaurrekoa egingo ditu.