KAE-1 ligan atzeratutako estropada abuztuaren 24an jokatuko da, eta ETE ligakoa bertan behera utzi dute
KAE-1 eta ETE ligetako klubek ostiralean beroaldiaren ondorioz atzeratutako bi estropaden inguruko behin betiko erabakia hartu dute. Horrela, KAE-1 ligako 13. jardunaldia datorren igandean jokatuko dute, abuztuaren 24an, eta ETE ligako 14. jardunaldia, aldiz, ez da jokatuko.
KAE-1 ligaren kasuan, abuztuaren 24ko datak 8 boto jaso ditu alde eta 4 kontra, beharrezkoa den bi herenetako gehiengoa lortuz.
Aurretik, estropada abuztuaren 22an egiteko aukera bozkatu eta baztertu dute, kontra 9 boto eta alde 3 bakarrik lortuta.
ETE Liga
Emakumezkoen bigarren mailako estropadari dagokionez, botazio bakarra egin dute, estropada abuztuaren 24an lehiatuko den erabakitzeko. Bost klubek egun horren alde bozkatu dute eta lauk, berriz, kontra. Ondorioz, bi herenetako gehiengoa lortu ez dutenez, ligako 14. jardunaldia bertan behera geratu da.
Datorren larunbatean jokatuko dute ligako azkena, Bilbon.