Urdaibaik "itxitzat" jo du espioitzaren auzia, barne-ikerketa egin ostean
Urdaibai Arraun Elkarteak ohar bat plazaratu du ostiral honetan bere sare sozialen bitartez. Ohar horretan aipatzen denez, Bermeoko taldeak baieztatu egin du astelehen gauean klubekoa ez den pertsona bat bere instalazioetara "baimenik gabe" sartu zela, baita "'Bou Bizkaia' traineruaren azpian" diru-zorro bat agertu zela ere. Diru-zorro hori beste talde bateko entrenatzaile batena da, itxuraz aurkariaren ontziko datu teknikoak eskuratu nahian sartu zena.
Horren aurrean, diru-zorroaren jabearekin eta haren klubarekin harremanetan jarri ziren Urdaibaiko arduradunak, eta, elkarrizketa horiek egin ostean, aipatu diru-zorroa eta bertako "dokumentazio guztia" Bermeoko Udaltzaingoan uztea erabaki dute, haren bila pasa daitezen.
Behin hori eginda, Urdaibaik auzia "itxitzat" jo du. Dena den, gertatutakoa "desatsegina" izan dela eta berriro "ez errepikatzea" espero duela gaineratu du.