Hondarribia, garaile 8 ehuneneko aldearekin Portugaleten
San Miguel Ligan geldiezin jarraitzen du Hondarribiak. Portugaleteko Bandera irabazi dute gipuzkoarrek, Urdaibairen aurka oso lehia estua izanda. Bandera horia ikusi eta 3 segundoko zigorra jaso arren garaile atera da Ibaizabaletik.
'Ama Guadalupekoa' eta 'Bou Bizkaia' pare-parean ibili dira ohorezko txanda osoan. Hirugarren luzean ere, bi traineruak berdinduta egin dute arraun.
Laugarren luzean, baina, erabaki da dena. Hondarribiak aurrea hartu du, baina epaileek 3 segundoko zigorra jarri diote Urdaibairen kalean sartzegatik. Hala ere, lehenengo postua mantendu dute, eta aldea nahikoa izan da. Azkenean, 8 ehunenengatik irabazi dute. 'Bideo-finish'-aren zain egon dira arraunlariak.
Txanda oso lehiatua izan da. Oriok ere bandera horia ikusi du Kaikurekin topatzeagatik, eta 3 segundoko zigorra jaso du.
Tiranek, onena bigarren txandan, hirugarren postua eskuratu du.