Frantzia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Markel Belokik irabazi du Aingo Tourra, hirugarren etapan onenen taldean eutsita

21 urterekin, sailkapen orokorreko lehen garaipena da txirrindulari arabarrarentzat itzuli batean.

Markel-Beloki-Tour-Ain-Francia

Markel Beloki (EF Education - Easy Post), bigarren etapako helmugan. Irudia: Aingo Tourraren Instagrama

Markel Beloki (EF Education - Easy Post) txirrindulari arabarrak irabazi du Aingo Tourra, bigarren etapan lortutako 52 segundoko aldea mantenduz, eta hirugarren eta azken etapan onenen taldean eutsita.

Lasterketako azken etapak 131,5 kilometroko ibilbidea izan du, Oyonnax eta Lelex Monts-Jura artean, eta tartean zazpi mendate puntuagarri. Azken mendateak protagonismo berezia izan behar zuen: Menthieres mendatea, 9,1 kilometro eta % 7ko batez besteko aldapekin, etapa amaitzeko 21 kilometroren faltan.

Belokik bigarren egunaren amaierako tarte lauan erakutsi zituen erlojupeko bertuteak, aurkariei 50 segundo baino gehiago sartzeko, eta abantaila hori zuen gaur maillot horiari eusteko. Ihesaldi bat tropeletik aldendu da hasierako igoeretan, baina etapa sailkapen nagusirako txirrindulari hautagaien artean erabaki behar zen.

Lasterketa amaitzeko 36 kilometro falta zirenean, Menthieres mendatearen magalean, tropela bilduta zegoen berriro. Igoeraren lehen metroetatik tropela eskastuz joan da, nahiz eta malda txikieneko tarteetan txirrindulari gehiago talde nagusian sartu.

Helmugarako 26 kilometro falta zirenean , Henrique Bravo (Soudal Devo) brasildarrak erasoa jo du, eta Belokik, Jefferson Alexander Cepeda taldekidearekin eta Jamie Meehan irlandarrarekin batera (Cofidis), haren gurpila jarraitu du. Ondoren, Axel Mariault (CIC Pro Cycling) frantziarrak (bigarren sailkapen nagusian) eta Huw Buck Jones ingelesak (Bourg-en-Bresse Ain) bat egin dute.

Eguneko eta Aingo Tourreko azken zatia igoera luzea zen, eta Belokiren aurkariak, batez ere Bravo eta Nicola Conci (Astana), maldarik gogorrenetan erasoa jotzen saiatu dira, baina ez dute gasteiztarra atzean uztea lortu.

Arabarraren ahalegina aprobetxatu duena Jefferson Cepeda ekuadortarra izan da, bere taldekidea. Amaierarako 2 kilometro baino gutxiago falta zirenean, eskalatzaileak aurreko taldetik salto egin du eta inork ezin izan dio jarraitu, arabarrak jarritako erritmo biziaren ondotik.

Hala ere, ekuadortarraren abenturak ez du luzaroan iraun, iheslariek helmugara heltzear harrapatu baitute berriro. Azken esprintean, Mariault nagusitu da, bigarren postua sailkapen nagusiko garaipena berretsi duen Belokirentzat utziz.

21 urterekin, Markel Belokik itzuli batean lortutako lehen garaipena da. Cian Uijtdebroeks Movistar taldeko txirrindulariaren lekukoa hartu du Belokik lasterketaren palmaresean. Primoz Roglic esloveniarrak edo Thibaut Pinot frantziarrak ere irabazi dute Aingo Tourra.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X