AURRENEKO GARAIPENA PROFESIONALETAN

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Markel Belokik irabazi du Aingo Tourraren bigarren etapa, eta lider jarri da

21 urterekin, txirrindulari arabarrak profesional gisa lortzen duen lehen garaipena da. 2025ean Alsaziako Tourra irabazi zuen, eta 2023an Espainiako junior erlojupeko txapeldun izan zen.

Markel-Beloki-Tour-de-L-Ain-2-etapa

Markel Beloki, Aingo Tourraren bigarren etapako helmuga. Irudia: Tour de l'Ain, Instagram

Markel Beloki (EF Education - EasyPost) txirrindulari arabarrak irabazi du Aingo Tourreko bigarren etapa, Saint-Vulbas eta Lagnieu artean jokatu dena. Col de Portes mendatea bi aldiz igo du tropelak. Garaipen horri esker, sailkapen nagusiko liderra da gasteiztarra, etapa bakarraren faltan.

21 urterekin, Belokik profesional mailan lortzen duen lehen garaipena da. 2025ean Alsaziako Tourra irabazi zuen, eta 2023an Espainiako junior erlojupeko txapeldun izan zen.

Lasterketa uztailaren 28tik 30era jokatzen ari da, eta asteazken honetako 161,9 kilometroko etapak aldaketa handiak ekartzea espero zen. Col de Portesko igoera bikoitzak (14,6 kilometro eta % 5,4ko batez besteko aldapak) sailkapen nagusia irauli behar zuen, tropeleko esprinterrentzako aproposa zen lehen etaparen ondotik.

Noah Hobbs ingelesa, Belokiren taldekidea, azkarrena izan zen asteartean.

EF taldeak erritmoa bizitu du Portesko bigarren igoeran eta, tropelean izandako etena aprobetxatuz, Markel Beloki aurreko taldean sartu da Jefferson Alexander Cepeda ekuadortarrarekin, bere taldekidearekin.

Gasteiztarra lanean hasi da Cepedaren alde, baina laster ikusi da Ekuadorko txirrindulariak baino hanka hobeak zituela, eta aurrerantz jo du Henrique Bravo brasildarrarekin (Soudal Devo) eta Jamie Meehan irlandarrarekin (Cofidis) batera. Axel Mariaul (CIC Pro Cycling) eta Remi Arsac (Decathlon) frantziarrek laster harrapatu dituzte.

Ordekara iritsi direnean eta garaipena ihesaldiko txirrindularien arteko esprint batean jokatu behar zela zirudienean, Belokik eraso erabakigarria jo du, 10 kilometro baino gutxiagoren faltan. 54 segundoko aldearekin iritsi da helmugara. Noa Isidore (Decathlon) geratu da bigarren, eta Nicola Conci (Astana), hirugarren.

Ostegun honetarako aurreikusita dagoen Aingo Tourreko hirugarren eta azken etapa Oyonnax eta Lelex Monts-Jura artean jokatuko da, 131,5 kilometroko ibilbidearekin. Zazpi mendate puntuagarri izango dira, horietako azkena, Col de Menthieres, lehen mailakoa (91 kilometro, % 7ko batez besteko maldekin).

Publizitatea
X
Publizitatea
X