Pogacarrek erakustaldia eman eta sailkapen nagusia ia erabakita utzi du Suitzako Itzuliaren lehen etapan
Klaneceko txirrindulariak erasoa jo du helmugatik 70 kilometrora, eta bakar-bakarrik helmugaratu da, Sondrion. Bestalde, emakumezkoen lasterketan, Femke De Vries herbeheretarra da Suitzako Itzuliko lehen liderra.
Tadej Pogacar (UAE) Sondrioko helmugan (Italia), beste erakustaldi bat eman ondoren. Argazkia: EFE
Tadej Pogacar (UAE) esloveniarra da Suitzako Itzuliko lehen liderra da, Sondrion (Italia) hasi eta bukatu den 144 kilometroko etaparen ostean. Pogacarrek sailkapen nagusia ia erabakita utzi du bakarka egindako ihesaldi luze batekin.
Klaneceko txirrindulariak helmugatik 70 kilometrora jo du erasoa, eta 3ordu, 28 minutu eta 50 segundoko denbora egin du Sondrion, batez beste orduko 41,5 kilometroko abiaduran.
Bigarren Richard Carapaz (EF Education) ekuadortarra helmugaratu da, 02:13ra, eta hirugarren Andrea Bagioli italiarra (Lidl Trek), 02:28ra.
Horrela, beste erakustaldi ikusgarri bat emanda, esloveniarrak aurkarien ilusioak zapuztu ditu. Pogacarrek xake mate egin du lasterketaren lehen egunean. Bi aldiz pentsatu gabe eraso egin eta lasterketa hankaz gora jarri du. Aurkariak izutu ditu Suitzako Itzulian egin duen debutean, eta Tourrean izango direnei abisua eman die.
Modus operandia erabili ohi duena izan da, urrunetik erasoa jo eta helmugara arte bakarkako bidaia. Eta horixe egin du Tourra lau aldiz irabazi duen txirrindulariak lasterketaren bi ordu eskas igaro direnean.
Femke de Vries, lehen liderra
Bestalde, emakumezkoen lasterketan, Femke De Vries herbeheretarra (Visma Lease a Bike) da Suitzako Itzuliko lehen liderra, Sondrion (Italia) hasi eta amaitu den etaparen ostean.
De Vries (Amersfoort, 32 urte) esprintean gailendu zaio Lauren Dickson (FDJ) Erresuma Batuko txirrindulariari. Sondrioko helmugatik 24 kilometrora erasoa jo eta ihesaldia osatu dute bi txirrindulariek. Faboritoek ihesaldiari baimena eman diote, beste agertoki batzuen zain.
Holandarrak bere lehendabiziko garaipen profesionala lortu du gaur. Aurkaria baino azkarragoa izan da helmugan. De Vriesek 2 ordu, 56 minutu eta 23 segundoko denbora egin du, batez beste 37,3 kilometro orduko abiaduran. Dicksonen atzetik Cedrine Kerbaol frantziarra (EF Education) helmugaratu da hirugarren postuan.