Canalek garaipena lortu du etxean, eta Reisek lidergoa kendu dio Johanseni
Xinzo Limiako txirrindulariak bere taldearen, Movistarren, lan bikaina aprobetxatu du profesional mailako lehen garaipena lortzeko. Zortzi txirrindulariko ihesaldia etapako protagonista izan da, eta Julius Johansen danimarkarrak pot egin du gaur.
Carlos Canal (Movistar) galiziarra, podiumean. Argazkia: EFE
Carlos Canal (Movistar) galiziarrak bere lehen garaipena lortu du asteazken honetan txirrindulari profesional gisa O Gran Camiñoko bigarren etapan, Barreirosko (Lugo) helmugatik 200 metrora erritmo aldaketa ikusgarria eginda. Bere taldearen lan bikainari amaiera ezin hobea eman dio.
Rafa Reis portugaldarra lider berria da Galiziako lasterketan. Bigarren etapa Vilalba eta Barreiros herrien artean jokatu da (148,6 kilometro).
Xinzo Limiako txirrindulariak taldearen lan bikaina aprobetxatu du profesional mailako lehen garaipena bereganatzeko. Zortzi txirrindulariko ihesaldia etapako protagonista izan da, eta Julius Johansen danimarkarrak lidergoa galdu du, Noceda gainean pot egin ondoren.
UAE Emirates-XRG taldeko txirrindularia ez da gai izan Ivan Romeok ezarritako erritmoari eusteko. Movistar taldeko txirrindulariak sekulako lana egin du Canalek helmugatik 200 metrora erasoa jo eta Mats Wenzel (Kern Pharma) eta Eric Fagundez (Burgos-Burpellet-BH), bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, atzean uzteko.
Eguneko beste garaile nagusia Rafa Reis portugaldarra izan da, maillot hori berria, Nelson Oliveira (Movistar) herrikidearekiko segundo bakarreko errentarekin, eta Jorgen Nordhagen (Visma) hamabi segundora duela.