Johansenek irabazi du Herculesen dorrean hasi eta bukatu den erlojupekoa, eta bera da lehen liderra
UAEko txirrindularia izan da erlojuaren kontrako lehiara atera den azkena, baina denborarik onenak egin ditu ibilbidean eta helmugan. Bigarren Rafael Reis portugaldarra sailkatu da, eta hirugarren, Nelson Oliveira, horren herrikidea.
Julius Johansen (UAE) daniarra, podiumean. Argazkia: EFE
O Gran Camiño 14,8 kilometroko erlojupeko batekin hasi da astearte honetan, Herculesen dorrean (Coruña) hasi eta amaituta. Julius Johansen (UAE) danimarkarra izan da azkarrena 17:43 minuturekin. Beraz, Galiziako lasterketaren lehen liderra ere bada.
Bigarren Rafael Reis portugaldarra (Anicolor) sailkatu da, Danimarkako txirrindularia 16 segundora zeukala, eta hirugarren, Nelson Oliveira (Movistar Tem) haren herrikidea, 17 segundoko aldearekin.
Jørgen Nordhagen (VISMA) norvegiarra laugarren izan da (28 segundo), eta Adam Yates (UAE) faborito nagusia seigarren, 41 segundora.
Gaurko galtzaile nagusia Ivan Romeo (Movistar Team) Valladolideko txirrindularia izan da. Helmugatik 5,9 kilometrora gurpila zulatu zaio gaztelarrari, eta 30 segundo inguru galdu ditu gorabehera konpontzeko. Hortik aurrera, erritmoa jaitsi egin du, agian sailkapen nagusia irabazteko aukerak galduta zituela jakinda.
Aurtengo edizioa, oso menditsua, Galizian jokatuko da osorik, berriz ere, iaz Portugalen lehen etapa izan ondoren. Gainera, Galiziako itzulia apirilean da, lehen aldiz.