Dorian Godon frantziarra nagusitu da Isolako minietapan; Vingegaardek lider jarraitzen du
Etapa 47 kilometrora murriztu dute eguraldi txarragatik, eta Pont Louis Nucera eta Isola artean jokatu dute.
Dorian Godon helmugan. Argazkia: EFE
Dorian Godon (Ineos Grenadiers) Frantziako txapeldunak irabazi du Paris-Nizako 7. etapa, Pont Louis Nucera eta Isola artean 47 kilometroko ibilbide laburrarekin lehiatu dena, eguraldi txarragatik. Jonas Vingegaard (Visma) danimarkarrak liderraren elastiko horiari eutsi dio.
Eroriko ugari izan dituen amaieran, Dorian Godonek, taldekideek ondo bideratu ostean, bere abiadura baliatu du lehen egunetik bilatzen ari zen garaipena lortzeko. Bezperan bigarren egin ostean, gaurkoan besoak altxatu ditu, helmugan nagusituta.
Frantziako txapeldunak Biniam Girmay (NSN) eritrearra eta Cees Bol (Decathlon) herbeheretarra gainditu ditu esprintean.
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, eta Jonas Vingegaard danimarkarra lasterketa bereganatzetik gertu dago. 3 minutu eta 22 segundora, Daniel Felipe Martinez (Red Bull Bora) kolonbiarra dago bigarren, eta 5 minutu eta 50 segundora, Georg Steinhauser (EF Education) alemana, hirugarren. Ion Izagirrek (Cofidis) zazpigarren postuan jarraitzen du, 9 minutu eta 2 segundora.
Vingegaarden taldekideak agintari jarri dira hasieran. Tim Marsman (Alpecin) bakar-bakarrik saiatu da ihes egiten, eta 33 segundoko aldea lortu du, baina Isolatik 9 kilometrora bukatu da saiakera.
Ez da erraza izan sustoak saihestea, helmuga bistan zela bi eroriko izan baitira. Horietako batean harrapatuta geratu da bezperan nagusitu zen kolonbiarra, Harold Tejada (Astana). Bigarrenean tropela zatitu da. Ineos onik irten da, eta Dorian Godon bideratu ahal izan du, honek etapa bikain errematatzeko.