Jaen Paraiso Interior Klasikoaren V. edizioa astelehenean, Tom Pidcock faborito nagusi dela
Lasterketaren zati handi bat Ubeda inguruko olibadiak zeharkatzen dituzten bideetan zehar igarotzen da, 169 kilometroko ibilbidea eginda. Klasikoa EITBn jarraitu ahal izango da, zuzenean, 15:30etatik aurrera.
Tom Pidcock (Pinarello Q36.5), 2025eko Italiako Giroan. Artxiboko argazkia: Europa Press
Datorren astelehenean, hilak 16, Ubedan hasi eta amaituko den Jaen Paraiso Interior Klasikoaren V. edizioa Madrilen aurkeztu dute astearte honetan. Lasterketa EITBn, zuzenean, jarraitzeko aukera izango da 15:30etik aurrera. World Tourreko talde onenen arteko lehia izango da, eta Tom Pidcock faborito nagusitzat dute adituek. Erresuma Batuko txirrindularia munduko BTT txapelduna da, baita olinpikoa ere.
Lasterketaren zati handi bat Ubeda inguratzen duten olibadiak zeharkatzen dituzten bideetan zehar egingo da, 169 kilometroko ibilbidearekin, eta, besteak beste, Tadej Pogacar esloveniarrak irabazi izan du aurreko edizioetan. Aurten Tourraren irabazlea ez da Ubedako irteeran izango.
PROFILA
Pizgarriak ez dira faltako kirol arloan, Pinarello Q36.5 taldearen buru izango den Pidcockek UAEko Tim Wellensi aurre egin beharko dio. Wellens Jaen Paraiso Klasikoari leialenetakoa den txirrindularia da, edizio guztietako top10ean sailkatu baita: bigarren 2022an, hirugarren 2023an, laugarren 2024an eta hamargarren 2025ean.
Red Bull Borak Giulio Pellizzarirekin eta Jai Hindleyrekin protagonista izan nahi du, baita Movistar ere, oraingoan Ivan Romeo Espainiako txapeldunarekin. Caja Rural, Burgos Burpellet, Kern Pharma eta Euskaltel Euskadi ere lehiatuko dira Ubedan.
IBILBIDEA
Pascual Momparler klasikoaren antolatzaileak ohartarazi du azken euri-jasen ondorioz lasterketaren tarteren bat aldatzeko aukera dagoela, batez ere lurrezko 35 kilometroetan. "Baliteke tarteren bat aldatu behar izatea, lasterketa osorik telebistaz ikusi ahal izateko", azaldu du.
Bestalde, aurten Van der Poel eta Pogacar ekartzeko saiakerak hizpide ditu Momparlerrek, baina bere denboraldiaren plangintzak esloveniarrari Jaenen egotea eragozten dio.