Evenepoelek Pello Bilbao menderatu du, helmugako pankartapean, eta hirugarrenez irabazi du Donostiako Klasikoa
Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak 2023ko Donostiako Klasikoa irabazi du, larunbatean, eta, horrenbestez, hirugarren aldiz gailendu da lasterketa horretan, 2019an eta 2022an ere nagusitu baitzen. Probako azken metroetan, Evenepoel Bahrain-Victorious taldeko Pello Bilbao gernikarra baino azkarrago ibili da; Pello Bilbaok bigarren postua erdietsi du, eta, amaitu berri den Frantziako Tourrean ere egin zuenez, maila bikaina erakutsi du.
42. Donostiako Klasikoak historiarako hainbat datu utzi ditu. Lehenik eta behin, Evenepoelek, irabazleak, Marino Lejarretarekin berdindu du palmaresean; Berrizko txirrindulariak hiru aldiz irabazi zuen Klasikoa, 1981ean, 1982an eta 1987an, eta, ordutik, inork ez zuen lortuta, orain arte, horrenbeste Donostiako Klasiko irabaztea. Pello Bilbaok, bere aldetik, bigarren postua erdietsi du; 2007an, Juanma Garate postu horretan bertan helmugaratu zen, eta ordutik hona euskal txirrindularitzak izandako emaitzarik onena da oraingoa (Leonardo Bertagnolli gailendu zen urte hartan, Garate bigarren sailkatu zenean). 2007an ere, Mikel Astarloza eta Iñigo Landaluze seigarren eta zortzigarren tokietan iritsi ziren; Euskal Herriko txirrindulariek 15 urte zeramatzaten, hortaz, Klasikoan horren bikain ibili gabe, zehazki hiru ziklista aurreneko hamarren artean sartu gabe.
Pello Bilbaok gertu-gertu izan du garaipena; 1990ean irabazi zuen azkenengoz, orain arte, Euskal Herriko txirrindulari batek Donostiako Klasikoa, Miguel Indurainek hain zuzen ere. Gernika-Lumoko ziklista munduko txapeldunarekin aritu da nor baino nor gehiago; aurreneko aldiz nagusitu da Boulevarden ortzadar maillota soinean daraman gizona. Pellok berak onartu du, lasterketa amaituta, Evenepoelek merezi izan duela garaipena. Belgikarrak hautsi du lasterketa, Erlaitzen, eta bere gain hartu du buruan zebilen taldearen erantzukizuna, Mendizorrotzen eta Murgilen. Bahrain taldeko bizkaitarrak ezin hobeto egin du, ez du amore eman eta azken metroetaraino heldu da irabazteko aukera zuela, baina Soudaleko txirrindularia indartsuagoa izan da, eta modu ederrean irabazi du.
Bost gizon, ihesaldian
Esan ohi da Klasikoa Tourraren 22. etapa dela, kontuan izanik Frantzian ibilitako gizonek bertan hartutako sasoi puntua baliatzen dutela aurreneko tokietan ibiltzeko, eta aurten ere bete da aurreikuspen hori, nolabait. Ibilbidearen lehenengo 30 kilometroak eginda, eguneko ihesaldia sortu da. Bost txirrindulari sartu dira lasterketa buruan, tartean Euskaltel-Euskadiko Mikel Iturria; urnietarra oso lehiakor ibili da, eta hauekin izan da ihes eginda: Romain Bardet (DSM), Julien Bernard (Lidl-Trek), Franck Bonnamour (AG2R) eta Nathan van Hooydonck (Jumbo-Visma). Bonnamour geratu da atzean lehenengo, eta Jaizkibel amaitu baino lehen harrapatu egin du tropelak, baina gainerako laurek buruan jarraitu dute. Ivan Garcia Cortina (Movistar), Quinten Hermans (Alpecin-Deceuninck) eta Lawson Craddock (Jayco) zeuden atzetik, eta tropela ez oso urruti; izan ere, talde handiak ez du baimendu ihesaldiak abantaila handiegirik har zezala.
Erlaitzeko azken metroetan jazotakoa esanguratsua izan da, erabakigarria azken finean. Remco Evenepoelek ez du itxaron, eta erasoa jo du, indarrez, mendatea amaitu baino pixka bat lehenago. Pello Bilbao, Alberto Bettiol eta Aleksandr Vlasov joan dira munduko txapeldunarekin. Aurretik, Bardet eta Van Hooydonck zeuden bakarka, baina Pello zihoan laukoteak azkar harrapatu ditu bi horiek. Maila oso handiko sei gizon zeuden lasterketa buruan, oraindik 60 kilometro geratzen zirela, eta Klasikoaren emozioa osorik zegoen, gozatzeko.
Lasterketa Donostian zegoela, oraindik Mendizorrotz eta Murgil igo gabe zeudela, helmugarako 47 kilometro geratzen zirela, lasterketa buruko seikoteak minutu bat eta hamabost segundoko aldea zuen; ikusita nola zebiltzan sei horiek erreleboak emateko, zein ondo, bazirudien garaipena bertan izan zitekeela, talde horretan. Pello Bilbao, beste behin, erakusten ari zen bikain dabilela, sasoi betean; Evenepoelek, ordea, errelebo luze eta indartsuak eskaini ditu. Tropelean Lidl-Trek ari zen lanean, buruan, baina aldea ez zen murrizten ari.
Mendizorrotzen giro bikaina izan da. Pello, Evenepoel eta Vlasov geratu dira buruan, eta Felix Gall eta Mikel Landa atzetik zihoazen. Murgiarra oso trebe ibili da Klasikoan, atzetik aurrera jokatu du, eta minutu eta erdira zegoen puntu horretan. Bahrain-Victoriouseko gernikarrak gero eta aurkari gutxiago zituen, eta, gainera, edozertan laguntzeko, Mikel Landa taldekidea zuen gertu. Lasterketa buruko hirukotearen aldea polita zen, Murgil mendateari ekin aurretik; Klasikoa erabaki zezakeen igoera horrek.
Evenepoel eta Pello Bilbao, buruz buru
Remco Evenepoelek erritmo oso bizia jarri du azken igoera puntuagarrian, eta Vlasov ere geratu da garaipenerako lehiatik at. Milaka lagun izan dira animoak ematen, Murgilen, eta horrek Pello bultzatu egin du; gernikarra estu ibili da mendatean, baina eutsi egin dio, eta, hori gutxi balitz bezala, azken metroetan erreleboa eman dio Evenepoeli. 2022ko irabazlearen eta bizkaitarraren asmoa zen Klasikoa buruz burukoan jokatzea, eta horretarako ahalegindu dira.
Ikusmina erraldoia zen Gipuzkoako hiriburuan, Evenepoelek eta Pello Bilbao azken esprinta egin dutenean. Belgikarrak merezimendu osoz irabazi du. Egun batzuk ditu aurretik Munduko Txapelketan beste garaipen bat eskuratzen saiatu aurretik, eta Espainiako Vueltan ere beste behin nahi du nagusitu, Italiako Giroa maglia arrosa soinean zuela covid-19agatik utzi ostean; bada, Soudal Quick-Step taldeko txirrindulariak erakutsi du hori dena egiteko moduan dagoela. Klasikoa poltsikoratu du, eta euskal txirrindulariak maila oso altua eman du lasterketan.
Sailkapena
1 - EVENEPOEL Remco (Soudal) 5:30:59
2 - BILBAO Pello (Bahrain) d. b.
3 - VLASOV Aleksandr (BORA) +0:28
4 - POWLESS Neilson (EF Education) +2:50
5 - IZAGIRRE Jon (Cofidis) +2:57
6 - SKUJINS Toms (Lidl) +3:02
7 - ARANBURU Alex (Movistar) d. b.
8 - COSTA Rui (Intermarche) d. b.
9 - BAGIOLI Andrea (Soudal) d. b.
10 - BENOOT Tiesj (Jumbo-Visma) d. b.
Zure interesekoa izan daiteke
Ineosek irabazi du taldekako erlojupekoa, baina Lidl Trekeko Juan Ayuso jarri da lider
Taldekako erlojupeko zirraragarri baten ostean banatu da harrapakina, eta valentziarrak hartu du lidertza sailkapen nagusian, Jonas Vingegaard bezalako aurkari zuzenak segundo gutxi batzuk urrunduta.
Horrela helmugaratu dira Paris-Nizako taldekako erlojupeko lehenengo hiru taldeak
INEOS Grenadiersek irabazi du Paris-Nizako taldekako erlojupekoa. Hirugarren etapa honetan, Lidl-Trek taldea geratu da bigarren eta Decathlon hirugarren. Sailkapen nagusian Juan Ayuso da garaile.
Van der Poelek irabazi du esprinta, baina Del Toro da lider berria Tirreno-Adriatico lasterketan
San Gimignano mendateko amaierak bukaera zirraragarria eskaini du itsasoen arteko bigarren etapan. Txirrindulari holandarrak mexikarra eta Giulio Pellizzari italiarra gainditu ditu helmugan.
Max Kanterrek irabazi du esprinta Montargisen, eta Lampertik elastiko horiari eutsi dio
Esprint desordenatu eta estu batean, Astanako alemaniarrak urrutitik ekin dio helmugako zuzengunean eta lasterketaren buruari eutsi dio, etapa irabazle gisa besoak altxatu arte.
2026ko Paris-Nizako bigarren etapako azken kilometroa
XDS Astana Team taldeko Max Kanter alemaniarrak irabazi du Paris-Niza lasterketako bigarren etapa. UCI World Tourreko lasterketa batean lortzen duen lehen garaipena da. Laurence Pithie (Red Bull – BOra) izan da bigarren eta Jasper Stuyven (Soudal Quick-Step), hirugarren.
Gannak bere legea ezarri eta Tirreno-Adriatico lasterketako erlojupekoa irabazi du berriro
Italiarra da Lido Di Camaioren hasi eta bukatzen den 11,5 kilometroko ibilbidearen erregea, Tirreniar eta Adriatiko itsasoen arteko lasterketaren hasierako lau erlojupeko (2022, 2023, 2025 eta 2026) irabazi baititu.
Luke Lampertik irabazi du 2026ko Paris Nizako lehen etapa
Lampertik (EF Education EasyPost) esprintean eskuratu du garaipena, eta Vito Braek (Lotto-Intermarche) eta Orluis Aularrek (Movistar Team) txirrindulariek osatu dute podiuma.
Pogacarrek marka ondu du Strade Bianchen, eta Chabbey nagusitu da emakumezkoetan
Tadej Pogacar dugu proba hori lau aldiz irabazi duen lehen gizonezkoa; Elise Chabbeyk, bere aldetik, garaipen ikusgarria lortu du emakumezkoetan.
Cata Soto, Txileko erlojupeko txapelduna
Laborak Kutxako txirrindulariak erlojupeko hirugarren urrea poltsikoratu du Txileko Txapelketan (2022, 2025 eta 2026), eta urteko hirugarren garaipena lortu du, otsailean El Salvadorko Tourrean bi lasterketa irabazi ondoren.
2026eko Paris-Niza, zuzenean, EITBn, igandetik aurrera
Course au Soleil (Eguzkiaren Lasterketa) Acheresetik, lasterketa lehen aldiz hartuko duen hiritik, abiatuko da eta astebete geroago iritsiko da Nizara. Lasterketa zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta kirolakeitb.eusen 15:30etik aurrera.