'Superman' Lopez, 2019ko Voltako irabazlea
Miguel Angel Lopez (Astana) kolonbiarrak irabazi du Voltako 99. edizioa, igande honetan egin den zazpigarren eta azken etapan lidertzari eutsi ostean. Davide Formolok (BORA-Hansgrohe) lortu du etapa garaipena.
Azken etapak 143 kilometroko ibilbidea izan du, eta txirrindulariek zortzi aldiz igo behar izan dute Montjuic. Formolo italiarrak eguneko ihesaldia garaipenarekin biribiltzea lortu du, eta 51 segundo atera dizkio bigarren izan den Enric Masi (Deuceninck-Quick Step).
Sailkapen nagusia irabazteko lehian ibili diren txirrindularien artean borroka latza ikusi ahal izan da. Helmugarako 22 kilometro falta zirenean jo du erasoa Adam Yatesek (Mitchelton-Scott), baina 'Superman' Lopezek erasoari eustea lortu du. Adam Yates izan da bigarren sailkapen nagusian eta Egan Bernal (Sky), hirugarren.