Roglic, Ayuso, Del Toro, Aranburu, Landa, Pello Bilbao eta Izagirre 2026ko Euskal Herriko Itzulian izango dira
Lasterketak 65. ekitaldia izango du jokoan, apirilaren 6tik 11ra bitartean; ostegunean aurkeztu dute, ofizialki. Sei etapa izango dira ibilbidean, eta, guztira, txirrindulariek 29 mendate puntuagarri igo beharko dituzte.
Primoz Roglic (Red Bull-BORA), Juan Ayuso (Lidl-Trek), Isaac del Toro (UAE), Alex Aranburu (Cofidis), Mikel Landa (Soudal Quick-Step), Pello Bilbao (Bahrain-Victorious) eta Jon Izagirre (Cofidis) 2026ko Euskal Herriko Itzulian izango dira, lasterketaren antolatzaileek ostegunean iragarri dutenez. Probak 65. ekitaldia izango du jokoan, apirilaren 6tik 11ra bitartean; Bergaran aurkeztu dute, ofizialki. Sei etapa izango dira ibilbidean, eta, guztira, txirrindulariek 29 mendate puntuagarri igo beharko dituzte.
22 taldek jokatuko dute Itzulia; irteera Bilbon izango du, banakako erlojupeko batekin. Aipatutako txirrindulariez gain, Paul Seixas gaztea (Decathlon) ere izango da; aurtengo Strade Bianche lasterketan, bigarren postua eskuratu du Seixasek.
Hala, azken urteotako hiru irabazle izango dira proban; izan ere, Roglicek 2018an eta 2021ean eskuratu zuen txapela, Juan Ayusok 2024an, eta Jon Izagirrek jantzi zuen azken maillot horia 2019an.
Itzuliak aurreikusita du hiru etapa Bizkaian jokatzea, beste bi Gipuzkoan barrena eta beste bat Nafarroan. Etapa nagusia azken-aurrekoa izango da; hori Eibarren hasi eta amaituko da.
Zure interesekoa izan daiteke
Itzuliak denbora-sari moduan segundo gehiago izango ditu jokoan lineako etapetan
Red Bull Kilometroak sei, lau eta bi segundo eskainiko dizkie jardunaldi bakoitzean bere pankartaren azpitik gurutzatzen duten lehen hiru txirrindulariei. Beste esprint bereziak hiru, bi eta segundo bat emango ditu, eta helmugak hamar, sei eta lau.
2026ko Euskal Herriko Itzuliko 6. etaparen profila eta ibilbidea: Goizper-Antzuola—Bergara (135,4 km)
“Azken etapa ez da tramite hutsa izango”, ohartarazi dute Itzuliaren antolatzaileek, lehiako seigarren eta azken egunak zer ekarri ahal duen aztertuta. Asentzio, Elosua eta Azkarate bina aldiz igoko dituzte, eta, guztira, hiru igoera 2. mailakoak izango dira: “Sailkapen nagusia estu-estu egotekotan”, adierazi du Itzuliak, “etengabeko markaketak izango dira; urrundik azkeneko erasoa jotzeko aukera balia lezake baten batek, halaber”.
2026ko Euskal Herriko Itzuliko 5. etaparen profila eta ibilbidea: Eibar-Eibar (176,2 km)
Eibarrekoa, ziurrenik, aurtengo Euskal Herriko Itzuliko etapa nagusia da. Luzeena da, eta, ibilbidean, zortzi mendate ditu; horietako hiru, hain zuzen Azurki, Krabekin eta Izua, 1. mailakoak dira. “Aurreikuspena da faborito nagusien arteko erasoak izatea; kontuan izateko moduko aldeak markatzeko aukera dago, eta azken emaitza, hein handi batean, zehaztuta gera liteke”, diote lasterketako antolatzaileek.
2026ko Euskal Herriko Itzuliko 4. etaparen profila eta ibilbidea: Galdakao-Galdakao (167,2 km)
Txirrindulariek zazpi igoera puntuagarri igo beharko dituzte, 65. Itzuliko laugarren jardunaldian; mendateetako bat, azkena hain zuzen ere, Legina, helmugarako hamar kilometro baino gutxiago geldituko direnean utziko dute atzean, eta gogorra da, batez beste % 8ko malda duela kontuan izanik.
2026ko Euskal Herriko Itzuliko 3. etaparen profila eta ibilbidea: Basauri-Basauri (152,8 km)
65. Euskal Herriko Itzuliko hirugarren egunean, txirrindulariek hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte, 2. mailako bi eta 3. mailako bat; antolatzaileen ustez, jardunaldi horretan, “baliteke urrunetik egindako erasoak izatea, sailkapen nagusia estu-estu izanez gero”.
Agirre, Alustiza, Bizkarra, Juaristi, Lastra, Martin eta Mintegi, Euskaltel Euskadiko txirrindulariak Itzulian
Lasterketa apirilaren 6an hasiko da, Bilbon, eta 6 etapa izango ditu. Azken jardunaldia, apirilaren 11n, larunbatez, Antzuola eta Bergara artean jokatuko da.
2026ko Euskal Herriko Itzuliko 2. etaparen profila eta ibilbidea: Iruñea-Mendukillo (164,1 km)
Lau mendate, tartean 1. mailako Aralarko San Migel, izango dira 65. Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidean; Nafarroan barrena jokatuko dute hori. “Ondo antolatutako ihesaldiak izan litezke, eta, halaber, gerta liteke sailkapen nagusiko lehian dabiltzan taldeak lasterketa estutzen hastea”, diote antolatzaileek, bigarren jardunaldi honetaz.
2026ko Euskal Herriko Itzuliko 1. etaparen profila eta ibilbidea: Bilbo-Bilbo (13,9 km, banakako erlojupekoa)
2021ean ere gertatu zenez, Itzuliaren 1. etapa Bilbon hasi eta amaituko den erlojupekoa izango da. Lasterketa Begoñatik irtengo da, eta helmuga Etxebarria parkean izango du; azken zatia izango da gogorrena, % 19ko malda gainditu beharko baitute txirrindulariek.
WorldTourreko 16 talde eta Euskaltel-Euskadi, Caja Rural-Seguros RGA eta Kern Pharma, 2026ko Euskal Herriko Itzulian
Lasterketaren 65. ekitaldian zein talde arituko diren iragarri dute antolatzaileek; hala, aurtengo Itzulian UCI WorldTeam mailako talde guztiak izan dira, Jayco-AlUla eta NSN Cycling Team izan ezik.