APIRILAK 8, ASTEAZKENA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

2026ko Euskal Herriko Itzuliko 3. etaparen profila eta ibilbidea: Basauri-Basauri (152,8 km)

65. Euskal Herriko Itzuliko hirugarren egunean, txirrindulariek hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte, 2. mailako bi eta 3. mailako bat; antolatzaileen ustez, jardunaldi horretan, “baliteke urrunetik egindako erasoak izatea, sailkapen nagusia estu-estu izanez gero”.

3 etapa Itzulia 2026

2026ko Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa apirilaren 8an jokatuko dute, asteazkenez, eta 152,8 kilometroko ibilbidea izango du. Jardunaldiak Basaurin izango du irteera, eta Bizkaiko udalerri horretan bertan ere helmuga, eta parte-hartzaileek hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte, horietako bi, 2. mailakoak. Antolatzaileen iritziz, lehiaketako hirugarren egun honetan baliteke “urrunetik egindako erasoak izatea, sailkapen nagusia estu-estu izanez gero; ez da etapa argi erabakigarria”, “baina bada arriskutsua gaizki kokatuta dauden txirrindularientzat eta talde indartsurik ez duten ziklistentzat”.

Etapa Basaurin hasiko da, 13:31ean, arestian esan bezala, eta, gerora, Itzulia Laudion eta Sodupen izango da; 51,8. kilometroan, Artziniegan izango da tropela, eta, hogeita hamar kilometro gehiago eginda, 81,3. kilometroan hain zuzen, Barrerillako mendate-pankarta izango da. Azken hori, Barrerilla, 2. mailakoa da, bost kilometroko igoera du eta, batez beste, % 6,6ko malda dauka. 91,1. kilometroan, Altubeko esprint berezia izango da jokoan, eta, jarraian, jaitsiera luzea egingo dute parte-hartzaileek, Bikosganarako igoera hasi aurretik; 2. mailako mendate horrek zortzi kilometro igoera ekarriko die Itzuliko ziklistei, eta batezbesteko malda % 4,9koa du. Pankarta etapako 120,8. kilometroan dauka.

Ia-ia jarraian, eguneko hirugarren eta azken mendate puntuagarriaren txanda izango da: 3. mailako Sarasola da hori. 133,5. kilometroan, Zubialden, bigarren esprint berezia izango da jokoan, eta bertatik helmugaraino hogei kilometro baino gutxiago geldituko dira; Basaurira iritsi aurretik, Itzulia Elexalde-Zaratamon izango da. Basaurin jakingo dugu, 17:19tik 17:42ra bitartean, zein txirrindularik bereganatzen duen hirugarren etapako garaipena, eta, noski, zeinek jantziko duen maillot horia gutxienez laugarren etapan. Biharamunean Basauritik gertu irtengo da, Galdakaotik, hain zuzen ere. 

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 3. etapa (apirilak 8).

Ibilbidea: Basauri-Basauri.

Distantzia: 152,8 kilometro.

Hasiera-ordua: 13:31

Amaiera-ordua: 17:19 (42 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:42 (38 km/h).

Goranzko desnibel metatua: 2.824 metro.

Mendiko saria: Barrerilla (2. maila), 81,3. kilometroan; Bikosgana (2. maila), 120,8. kilometroan; Sarasola (3. maila), 128. kilometroan.

ETAPAKO PROFILA

ETAPAKO MAPA

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X