APIRILAK 11, LARUNBATA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

2026ko Euskal Herriko Itzuliko 6. etaparen profila eta ibilbidea: Goizper-Antzuola—Bergara (135,4 km)

“Azken etapa ez da tramite hutsa izango”, ohartarazi dute Itzuliaren antolatzaileek, lehiako seigarren eta azken egunak zer ekarri ahal duen aztertuta. Asentzio, Elosua eta Azkarate bina aldiz igoko dituzte, eta, guztira, hiru igoera 2. mailakoak izango dira: “Sailkapen nagusia estu-estu egotekotan”, adierazi du Itzuliak, “etengabeko markaketak izango dira; urrundik azkeneko erasoa jotzeko aukera balia lezake baten batek, halaber”.

6 etapa Itzulia 2026

2026ko Euskal Herriko Itzuliko seigarren eta azken etapa apirilaren 11n jokatuko dute, larunbatez; lasterketa Goizperren hasiko da, Antzuolan, eta Bergaran amaitu, 153,4 kilometro eginda. Egunean zehar, 65. Itzuliko txirrindulariek sei igoera puntuagarri gainditu beharko dituzte; izan ere, hiru mendate igo beharko dituzte, Asentzio, Elosua eta Azkarate, baina bina aldiz, eta sei igoera horietako hiru 2. mailakoak izango dira, gainera. “Sailkapen nagusia estu-estu egotekotan”, adierazi du Itzuliak, “etengabeko markaketak izango dira; urrundik azkeneko erasoa jotzeko aukera balia lezake baten batek, halaber”.

Bergaratik 13:52an irten ostean, lehenengo igoera, Asentzio, 3. mailakoa, 6,9. kilometroan izango da. Etapa osoa Gipuzkoan barrena jokatuko dute. 2. mailako Elosua mendateak 34. kilometroan izango du mendiko sailkapeneko pankarta; Elosua 7,2 kilometroko igoera da, eta, batez beste, % 7,5eko malda du. Azkarate dator jarraian, eta eguneko aurreneko esprint berezia, Elgoibarren, 58,2. kilometroan hori. 79.ean, Elosua utziko dute atzean, bigarrenez, eta 94,8.an, Azkarate berriro ere.

Lasterketako azken esprint berezia geldituko da, Elgoibarren hori ere, bai eta 2026ko Itzuliko azken igoera puntuagarria; Asentzio da hori, baina beste aldetik, eta, horrenbestez, 2. mailakoa da. 7,3 kilometro egin beharko dute ziklistek aldapan gora, eta batezbesteko malda % 5,1ekoa da. Asentzio amaituta, beste bederatzi kilometro geldituko dira oraindik, lasterketako 65. ekitaldiko azkenak.

Bergarak jasoko ditu, 17:20tik 17:40ra bitartean, aurtengo Euskal Herriko Itzulia amaituko duten gizonak, eta bereziki txalotuko du, noski, irabazlea, alegia, azken maillot horia jantziko duen gizona. Jakingo dugu, hortaz, zeinek utziko duen izena palmaresean, etapaka jokatutako gure lasterketarik ospetsuenean. 

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 6. etapa (apirilak 11).

Ibilbidea: Goizper-Antzuola-Bergara.

Distantzia: 135,4 kilometro.

Hasiera-ordua: 13:52

Amaiera-ordua: 17:20 (42 km/h) | 17:30 (40 km/h) | 17:40 (38 km/h)

Goranzko desnibel metatua: 2.981 metro.

Mendiko saria: Asentzio (3. maila), 6,9. kilometroan; Elosua (2. maila), 34. kilometroan; Azkarate (3. maila), 50. kilometroan; Elosua (2. maila), 79. kilometroan; Azkarate (3. maila), 94,8. kilometroan; Asentzio (2. maila), 126,2. kilometroan. 

ETAPAKO PROFILA

ETAPAKO MAPA

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X