APIRILAK 7, ASTEARTEA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

2026ko Euskal Herriko Itzuliko 2. etaparen profila eta ibilbidea: Iruñea-Mendukilo Kobazuloa (164,1 km)

Lau mendate, tartean 1. mailako Aralarko San Migel, izango dira 65. Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidean; Nafarroan barrena jokatuko dute hori. “Ondo antolatutako ihesaldiak izan litezke, eta, halaber, gerta liteke sailkapen nagusiko lehian dabiltzan taldeak lasterketa estutzen hastea”, diote antolatzaileek, bigarren jardunaldi honetaz.

2 etapa Itzulia 2026

2026ko Euskal Herriko Itzulia apirilaren 7an izango da, asteartez, eta Nafarroan barrena jokatuko dute, osorik. Txirrindulariak Iruñean hasiko dira lanean, eta helmuga, 164,1 kilometroko ibilbidea eginda, Mendukiloko Kobazuloan izango da. Antolatzaileen aurreikuspenaren arabera, “etengabeko higadura” ekarriko du jardunaldi honek; txirrindulariek lau mendate igo beharko dituzte, tartean bat, Aralarko San Migel, 1. mailakoa; guztira, goranzko desnibel metatua 3.200 metrotik gorakoa izango du etapak.

Testuinguru honetan, etapa Iruñean hasiko da, eta berehala, 14. kilometroan, lehenengo mendate puntuagarria igoko dute txirrindulariek: 2. mailako Etxauri izango da. Horrek 6,7 kilometroko igoera izango du, eta batezbesteko malda % 6,5ekoa dauka. Jarraian, Itzulia Lezaunerantz abiatuko da, eta ziklistek Lizarraga mendatea igoko dute; hori ez da puntuagarria, mendiko sailkapenerako. 68,3. kilometroan, lasterketa Uharte Arakilen izango da, eta gerora 3. mailako Zuarrarrate igoko dute. Mendate hori 87,4. kilometroan utziko dute atzean, eta, jaitsiera eginda, 65. Itzuliko lehenengo esprint berezia izango da jokoan, Lekunberrin, 94,9. kilometroan. Handik gutxira, parte-hartzaileek Aldatz igoko dute; hori ere 3. mailakoa da.

Irurtzunen jokatuko dute etapako bigarren eta azken esprint berezia, 122,7. kilometroan, eta tropela Aralarko San Migelerantz abiatuko da; 9,5 kilometroko igoera du 1. mendate horrek, eta, batez beste, % 7,7ko malda. Pankartapetik igarota, hogei kilometro geldituko dira helmugaraino; ia denak, aldapan behera.

Mendukilo Kobazuloan izango dugu ikusgai etapa irabazteko lehia. Antolatzaileen iritziz, “ondo antolatutako ihesaldietarako egun egokia izan liteke, eta, halaber, sailkapen nagusiko lehian dabiltzan taldeak ere baliteke lasterketa estutzen hastea; faboritoak adi-adi izango beharko dira, baina, ziurrenik, ez dute behin betiko erasoa egiteko asmorik izango”, diote.

 

FITXA TEKNIKOA

Etapa: 2. etapa (apirilak 7).

Ibilbidea: Iruñea-Mendukilo Kobazuloa.

Distantzia: 164,1 kilometro..

Hasiera-ordua:

Amaiera-ordua:

Goranzko desnibel metatua: 3.268 metro.

Mendiko saria: Etxauri (2. maila), 14. kilometroan; Zuarrarrate (3. maila), 87,4. kilometroan; Aldatz (3. maila), 101,6. kilometroan; San Miguel de Aralar (1. maila), 144,6. kilometroan.

ETAPAKO PROFILA

ETAPAKO MAPA

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X
Publizitatea
X