Guillermo Thomas Silva nagusitu da bigarren etapan, eta maglia arrosa bereganatu du
Helmugarako 23 kilometro falta zirenean, eroriko izugarria izan da. 30 txirrindulari joan dira lurrera, tartean Adam Yates UAE taldeko liderra, eta agur esan dio sailkapen nagusiko lehiari. Gainera, Jay Vine (UAE), Marc Soler (UAE), Santiago Buitrago (Bahrain-Victorious), Aleksandr Vlasov (Bora), Matteo Moschetti (Pinarello) eta Adne Holter (Uno-X Mobility) txirrindulariek lasterketa utzi behar izan dute.
Guillermo Thomas Silva uruguaitarrak irabazi du Giroko bigarren etapa. Argazkia: EFE
Guillermo Thomas Silva (Astana) txirrindulari uruguaitarrak irabazi du Bulgarian lehiatu den Italiako Giroko bigarren etapa, esprint estu batean ustekabekoa emanda, eta, gainera, maglia arrosa jantzi du.
Florian Stork (Tudor) alemaniarra eta Giulio Ciccone italiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Bigarren etapa Burgasen hasi eta Veliko Tarnovo hirian bukatu da, eta txirrindulariek 221 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute.
Lehenengo jardunaldian bezala, bigarrenean ere eroriko handia izan da, eta ondorioak izan ditu: sei txirrindularik lasterketa utzi behar izan dute; eta Adam Yates UAE taldeko liderra Giroa lehiatzeko aukerarik gabe gelditu da.
Diego Pablo Sevilla eta Mirco Maestri Polti taldeko txirrindulariek osatu dute eguneko ihesaldia. Txirrindulari espainiarra atzokoan ere eguneko ihesaldian izan zen, eta bera da mendiko sailkapeneko liderra.
Etapa hasi eta berehala jo dute erasoa. 6 minutuko abantaila izatera iritsi dira, baina, pixkanaka-pixkanaka, tropelak tartea jan die, eta helmugarako 27 kilometro falta zirenean harrapatu ditu biak.
Lan izugarria egin dute Sevillak eta Maestrik, ia 200 kilometro egin baitituzte lasterketaren buruan, eta azkenean garaipena lehiatzeko aukerarik gabe geratu badira ere, Sevillak maillot urdinari eusteko puntuak pilatu ditu gutxienez.
Handik gutxira, helmugatik 23 kilometrora, eroriko izugarria izan da. 30 bat txirrindulari lurrera joan dira, tartean Adam Yates (UAE), Jay Vine (UAE), Santiago Buitrago (Bahrain-Victorious), Derek Gee (Lidl-Trek), Wilco Kelderman (Visma) eta Remi Cavagna (Groupama).
Ondorio txarrenak UAE taldeko txirrindulariek pairatu dituzte, errepide ondoko hesiaren kontra kolpe handia hartu baitute: Jay Vine ospitalera eraman dute; Marc Soler erretiratu egin behar izan da; eta Adam Yates UAE taldeko liderra odoletan ikusi dugu, eta lasterketan jarraitu badu ere, 13 minutuko atzerapena izan du. Hortaz, Giroa irabazteko lehiatik kanpo gelditu da.
Gainera, Santiago Buitrago (Bahrain-Victorious) kolonbiarrak, Aleksandr Vlasov (Bora) errusiarrak, Matteo Moschetti (Pinarello) italiarrak eta Adne Holter (Uno-X Mobility) norvegiarrak ere etxerako bidea hartu behar izan dute.
Erorikoaren berri jaso ondoren, tropelak erritmoa moteldu du, baina atzekoak berriro sartzeko nahikoa ez zela ikusita, lasterketa neutralizatu egin dute. Helmugarako 18 kilometroren faltan ekin diote berriro lehiari.
Visma taldeak hartu du aginte makila etapako azken mendatean, eta tontorrera heldu aurretik gehiago estutu du erritmoa Jonas Vingegaardek. Multzo nagusia hautsi egin da orduan, tarteak txikiak izan badira ere.
Giulio Pelizzari (Bora) italiarrak eta Lennert Van Eetvelt (Lotto) belgikarrak soilik eutsi diote Vingegaarden pedal kolpeari, kostata izan bada ere, eta hirurak elkarrekin ziztu bizian joan dira helmugara bidean, tropela 20 bat segundora zutela.
Azken kilometroan, atzeko taldeak aurreko hirukotea harrapatu du, eta Astana taldeko Guillermo Thomas Silva txirrindulari uruguaitarra nagusitu da azken esprintean, Florian Stork (Tudor) alemaniarra eta Giulio Ciccone italiarra menderatuta.
Garaipen honekin, Caja Ruralen ibilitako txirrindulariak historia egin du: Italiako Giroan parte hartzen duen lehen uruguaitarra da, eta etapa eta liderraren maillota eskuratu ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon