Paul Magnier gailendu da Giroko lehen etapako esprint nahasian, eta berak jantzi du maglia arrosa
Eroriko izugarria izan da helmugatik 500 metrora, eta horrek erabat baldintzatu du esprinta. Tropela eten egin da, eta aurrean dozena bat txirrindulari soilik geratu dira. Horrela, Paul Magnier frantziarra izan da helmugan azkarrena, eta, ondorioz, bera da Giroko lehen liderra.
Paul Magnier frantziarrak irabazi du Italiako Giroko lehen etapa. Argazkia: EFE
Paul Magnier (Soudal) txirrindulari frantziarrak irabazi du Bulgarian abiatu den Italiako Giroko lehen etapa, esprint nahasi batean, eta, horrenbestez, berak jantzi du maillot arrosa.
Lehen etapa Bulgariako Nessebar hirian hasi eta Burgasen bukatu da, eta txirrindulariek 147 kilometroko ibilbidea egin dute.
Lasterketa lasai antzean joan da, taldeak garaipenaren bila antolatzen hasi eta helmugatik 500 metrora eroriko izugarria izan den arte. Tropela eten egin da, eta horrek erabat baldintzatu du esprinta, aurrean dozena bat txirrindulari soilik geratu baitira.
Horrela, bada, Magnier izan da azkarrena helmugan, eta bere lehen garaipena lortu du lasterketa handi batean.
Bestalde, Tobias Lund Andresen (Decathlon) danimarkarra eta Ethan Vernon (MSN) britainiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Jonathan Milan (Lidl Trek) italiarra, gaurko etapa irabazteko faborito nagusia, berriz, laugarren sailkatu da.
Horrez gain, Manuele Tarozzi (BCS) italiarrak eta Diego Pablo Sevilla (PTV) espainiarrak osatu dute eguneko ihesaldia. Etapa hasieran jo dute erasoa, eta 100 kilometrotik gora egin dituzte lasterketaren buruan. Alabaina, tropelak kontrolpean izan ditu une oro, eta helmugara iristeko 23 kilometro falta zirenean harrapatu dituzte biak.
Zure interesekoa izan daiteke
Volleringek erakustaldia eman du azken etapan bere lehen Giroa irabazteko
Volleringek irabazi du Giroko etapa nagusia, eta Van der Breggenek lidertzari eutsi dio
Celia Gery gailendu da esprintean, eta liderrak erorikoa izan du
Elisa Balsamok garaipen pokerra lortu du Brescellon