Mathieu van der Poelek esprintean irabazi du bederatzigarren etapa, Tourrean hirugarren garaipena lortuz
Alpecin-Premier Tech taldeko txirrindulari herbeheretarrak nagusitasunez irabazi du Usselen amaitu den goranzko esprint gogorra. Tom Pidcock (Pinarello-Q36.5) eta Alex Baudin (EF Education-EasyPost) helmugaratu dira haren atzetik, bero-boladak baldintzatutako jardunaldian. Tadej Pogacarrek, berriz, elastiko horiari eutsi dio.
Mathieu van der Poel (Alpecin-Premier Tech) txirrindulari herbeheretarrak irabazi du igande honetan Frantziako Tourraren 113. edizioko bederatzigarren etapa, Malemort eta Ussel artean 154,6 kilometroko ibilbidea izan duena (aurreikusitakoa baino laburragoa, Frantziako erdialdea astintzen ari den bero-boladaren ondorioz).
Van der Poel izan da indartsuena helmugara iritsi aurreko 750 metroko azken aldapan (%4,2ko batez besteko malda). Lau txirrindularik osatutako taldeko esprintean nagusitu baita, Tom Pidcock (Pinarello-Q36.5) eta Alex Baudin (EF Education-EasyPost) atzean utzita. Tobias Johannessenek (Uno-X Mobility) haren erritmoari eutsi dio azken metroetan, baina ezin izan du garaipena lehiatu.
Etapak hasieratik izan du erritmo bizia. Eraso ugariren ostean, Van der Poelek 57. kilometroan lortu du eguneko ihesaldia egitea beste hamabost txirrindularirekin batera. Kilometroek aurrera egin ahala taldea txikitzen joan da, eta Mont Bessou mendatean lau txirrindulari baino ez dira geratu buruan. Une horretan ere herbeheretarrak erakutsi du indarrik handiena.
Bien bitartean, UAE Team Emirates XRG taldeak kontrolpean izan du une oro ihesaldiarekiko aldea. Faboritoen taldea, Tadej Pogacar buru, irabazlearengandik sei segundora iritsi da, eta horri esker, esloveniarrak elastiko horia mantendu du.
Sailkapen nagusian, Pogacarrek 2 minutu eta 42 segundoko aldea du Jonas Vingegaardekiko. Isaac del Toro hirugarren da (3 minutu eta 27 segundora), Remco Evenepoel laugarren (3 minutu eta 30 segundora) eta Juan Ayuso bosgarren (3 minutu eta 34 segundora).
Atseden egunaren ondoren, asteartean jokatuko da Tourreko hamargarren etapa, Aurillac eta Le Lioran artean, 166,6 kilometroko ibilbidearekin.